"Jotzeari uzteko arrazoi nagusia kontratazio falta izan da"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko urt. 19a, 08:30

Makulu Ken taldeak Jalgin eman duen azken kontzertuko uneetako bat.

Makulu Ken taldeak berriki eman du Lasarte-Oriako azken kontzertua: Jalgi kafe antzokia goraino bete duten dozenaka zaleek gogotik dantzatu dute euskal afrobeat doinu koloretsuen erritmora. Proiektu horren sortzaileetako bat den Xabi Herrerarekin elkartu da TXINTXARRI, hasiera, bilakaera eta amaieraz hitz egiteko.

"Makulu Kenen amaieraren arrazoi nagusia kontratazio falta izan da, argi eta garbi. Oraindik argitaratu gabeko material asko dugu baina egoera honetan jarraitzeko gogorik ez dugu". Xabi Herrera lasarteoriatarraren hitzak dira, euskal afrobeat musika estiloa hamasei urtez landu duen taldeko abeslari, gitarra jotzaile eta sortzaileetako batena. Agour Tour birako kontzertua eman zuen bederatzikoteak Jalgi kafe antzokian hilaren 13an eta egun batzuk geroago elkartu da TXINTXARRI-rekin toki horretan bertan.

"Gazi-gozoa" izan da Lasarte-Orian emandako azken kontzertua, Herreraren hitzetan. Gozoa, Aitor Carrasco lagunak musikariak aurkeztu ondoren "izugarri" gozatu zutelako jotzen, metro gutxitara zituzten ikus-entzuleek gogotik gozatu zutela ikusi zutelako eta kontzertuaren ostean "bapo" afaldu zutelako kafe antzokian bertan. "Oso ongi tratatu gintuzten, jar ezazu hori elkarrizketan", esan dio kazetariari. Gazia, taula gainean dena eman bitartean azken aldia zela zekitelako, herri honetakoa behintzat bai. Izan ere, ez dute baztertu beste herriren batean noizbait euskal afrobeat doinuak plazaratzea.

Hamasei urte pasatxo dira Makulu Kenek estreinako kontzertua eman zuenetik. Espero al zuen Herrerak horren ibilbide luzea izatea taldeak? Hona erantzuna: "Garai horretan ez genuen horretan pentsatzen, gure helburua proposamen desberdin eta original baten bidez disfrutatzea eta Euskal Herria dantzan jartzea zen".  

Hasierako laukote bederatzikote bilakatu da urteen poderioz: Eider Ormazabal abeslaria, Bea Hurtado teklista, Iñigo Suberbiola Xuber perkusio jotzailea, Unai de Andres Patxus baxu jotzailea, Nagore Etxabe bateria jotzailea, Pau Torres saxofoi jotzailea, Ixak Oiartzabal saxofoi tenor jotzailea, Julen Rodriguez tronpeta jotzailea eta Xabi Herrera bera, ahotsa eta gitarrarekin. Haiekin batera, betiko moduan, Iñigo Egia teknikaria jardun zen. Gaur egungo partaideak ez dira denak herritarrak eta horrek zaildu egin die entseatzeko elkartzea, adibidez. Horrez gain, taldekideren bat ordezkatu arteko tarteak "luzeak" izan dira eta horrek "higatu" egin du taldearen dinamika. Edonola ere, behin eta berriro azpimarratu du proiektua amaitzearen erabakiaren barruko "bigarren mailako arrazoiak" izan direla horiek, kausa nagusia kontratazio eskasia izan delako. "Kontzertu gutxitarako deitu gaituzte eta kobratu dugunarekin apenas estali izan ditugu gastuak. Apustu bat egin genuen, baldintza duinetan eta jarraitutasunarekin aritzekoa, baina ez dugu lortu. Jalgikoaren aurreko azken emanaldia udan egin genuen, eta hiruzpalau hilabete basamortuan igarotzen dituzunean behin eta berriro...".

Ikus-entzuleen harrera

Emanaldi kopurua taldekideek nahi baino urriagoa izanagatik, Makulu Kenek "ongi" funtzionatu du ikus-entzuleen artean, Herreraren iritziz. "Batez ere, areto txikiagoetan eta gauez aritu izan garenean, afrobeata giro horretako estiloa baita". Asko izan dira taldeari esker euskal afrobeata ezagutu dutenak eta hasierako zalantzak uxatu eta gero indarrik gabe geratu arte dantzatu dutenak.

Afrikar musika egin nahi zutela argi zuten Herrerak eta Suberbiolak 2006an, lehen doinuak sortzen hasi zirenean. Lehenengoak estilo zehatz bat landu nahi zuen, Fela Kuti musikari nigeriarrak 70. hamarkadan sortutako afrobeat delakoa, eta, bigarrenak, kontinente horretako doinuak baina ikuspegi zabalago batekin. Bien nahiak nahastu zituzten, aipatu estilo hori baitzen oinarria baina beste batzuekin uztartuta, afrikarrak nahiz beste toki batzuetakoak: funk, reggae, eta abar. Bi lan argitaratu dituzte, Makulu Ken (2012) eta Kalè Kalè (2016), autoekoiztutakoak. Herrera arduratu da, batez ere, sorkuntza (Xuber eta Patxus aritu izan dira horretan ere) nahiz produkzio lanaz, eta, gainerako kideak bezala musika egitetik bizi ez denez, "lo ordu asko" kendu behar izan zizkion "egun pila bati". "Gaueko hamaiketan hasi eta ordubiak edo hiruak arte egoten nintzen, eta, hurrengo goizean, lanera joan behar". Hirugarren album bat prestatzen hasi ziren, baina taldearen asmoak zapuztu zituen 2020ko koronabirusaren pandemiak.

Urte guztiotako ahalegin eta izerdi horrek guztiak merezi izan du, oro har. Izan ere, herritarrarentzat "bizitzaren bizioetako bat" da sormena. "Musikak beste unibertso batean murgiltzeko ateak zabaltzen ditu, batez ere, norberak egiten duenean".