Jubenilen norgehiagoka izan zen lehena. Carlos Tejadok zuzentzen duen taldea bere multzoko buru mantentzea zuen helburu.
Neurketa hasieratik garaipena lortzera zihoala erakutsi zuen eta Ostadar C taldeak talde zuri-urdinaren nagusitasuna onartzea besterik ez zuen izan; 5-1 gailendu zen Texas.
Erregional mailakoan lehia handiagoa ikusi ahal izan zen zelaian. Herriko taldeen buruz burukoaz gain, erregional taldeen Liga erregularreko azken jardunaldia zen eta Texas Lasartearrak bigarren postuari eutsi nahi zion. Gogotsu jardun ziren bi taldeak, baina Texasek hobeto baliatu zituen gol aukerak eta 5-3 amaitu zen derbia.
Hurrengo fasea
Ondorioz, Texas Lasartearra bere multzoko bigarren sailkatu da Lazkao KEren atzetik eta Gorengo erregional mailarako igoera fasea jokatuko du.
Zuri-urdinek Zarautz KE B, Behobia CD, Irauli-Bosteko KK, Hernanin CD B, Idiazabal KE, Aloña Mendi B eta Eibartarrak FT taldeekin batera 1 multzoa osatuko dute. Itzuli bikoitzeko ligaxka lehiatuko dute eta lehen sailkatuek mailako finala jokatuko dute, baita igoera ere.
Ostadarrek, aldiz, bosgarren postuan amaitu du lehen fasea eta kopari egingo dio aurre 2. multzoan. Pasaia KE B, Axular Lizeo B, Sporting de Herrera, Astigarragako Mundarro KE B, Beti Ona CD, Allerru KE B eta Arrupe Chaminade CDDF izango ditu aurkari.
Ez dira erregional I. mailako taldeak fasea amaitu duten bakarrak izan, kadete I. mailakoek ere agur esan diote urteko lehen zatiari eta hilaren 28tik aurrera, hiru txapelketa izango dituzte lehian: igoera fasea, Gipuzkoako kopa eta mutilen kasuan, Udaberriko kopa.
Lasarteoriatar talde guztiak kopa txapelketetarako sailkatu dira, zehazki, Texas Lasartearra, Ostadar B eta urdin-beltzen neska taldeak Gipuzkoakoa lortzeko borrokatuko dira eta Ostadar Ck, aldiz, Udaberrikoa lehiatuko du.