Saski Axularrek Euskal Ligako atea itxi zion Kadete errendimendu taldeari

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 18a

ZASTen aurkako partidako irudia.

Kadete Errendimendu Urrea kategoriako lau talde Euskal Ligarako igoera jokatu dute hilaren 13an eta 14an. Lehen egunean finalerdikoak lehiatu ziren Donostian eta Beasainen. Lehen neurketan Ostadar SKTko kadete taldea izan zen borrokan. Aurrean Saski Axular izan zuen

Liga erregularrean bi alditan neurtu zituzten indarrak Ostadar SKT eta Saski Axularrek eta bietan donostiarrak atera ziren garaile. Urdin-beltzek arantza kendu nahi zuten, baina bigarren laurdeneko jardunak eta pertsonal marran galdutako puntuek baldintzatu zuten azken emaitza. 

Lau minutu parekatuen ostean, Ostadarreko jokalariek erasoan fin ibili ziren eta bost puntuko aldea ireki zuten. Laurdenaren amaiera arte ongi mantentu zuten errenta eta 13-18 izan zen partziala.

Baina donostiarrek ez zuten amore emango eta erasoan zein defentsan indartsu hasi zuten bigarren laurdena. Laugarren minuturako puntu batera geratu zen Saski Axular eta hurrengo sei minutuetan itzulia eman zion markagailuari. Ostadarrek ezin izan zuen erraz jokatu eta saski azpian ere ez zuen zorterik izan. Ondorioz, 32-25ko markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Hirugarren laurdena puntu gutxikoa izan zen; 8-7 izan zen partziala. Bi taldeek defentsa gogorra egin zuten eta ondorioz, saskiratze gutxi izan ziren. Pertsonaleko marratik ere aukera gutxi batzuk izan zituzten bi taldeek, baina ez zuten ez batek ez besteek asmatu.

Eta azken 10 minutuak ere borrokatua eta parekatua izan zen. Ostadarrek, esate baterako, hirukoa sartu zuen. Tamalez, talde urdin beltzeko kideek jaurtiketa pertsonaletan ez zuten asmatu eta partida berdintzeko puntu baliotsuek ihes egin zizkieten. Ondorioz, 14-13 amaitu zen laurdena eta 54-45 markagailuak donostiarrei eman zien finala jokatzeko txartela.

Gipuzkoako txapelketa

Euskal Ligarako igotzeko aukera galduta, Gipuzkoako txapelketa izango du orain jokoan Jonatan Reinoren taldeak. Errendimendu Urreko taldeak zilar mailako sei hoberen aurka lehiatuko dira. Bi multzotan banatuta bi itzuliko liga jokatuko dute eta talde bakoitzeko lehen sailkatuek jokatuko dute lehiaketako finala.