Taula Xake klubeko taldeek batean kale, bestean bale

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 18a, 12:15

Taula Xake Klubak Taldeko Liga hasi du etxean. Hilaren 13an, Danok Kide elkartearen Blas de Lezoko lokalean Beraun Bera B eta Billabona E taldeen bisita jaso zuten

Lehenak bigarren mailako Taula A izan zuten aurkari. Herriko ordezkariak Miguel Maria Baroja, Iñaki Erdozio, Iker Mendibil eta Jose Ignacio Echeverria dira kategoria horretan. Lan ederra egin zuten lehen jardunaldian; jokatutako lau partidetatik hiruetan garaile atera ziren.

Taula Xake Klubak taldekide berriekin osatu du lauko hori: "Hernaniko taldea desegin da eta bertako kideak gurekin ari dira jokatzen". Horri esker, taldearen maila igo dutela  azpimarratu dute.  

Lehen neurketa honetan ikusi ahal izan dutenez, bigarren mailako lehiak lehengo urtean baino maila altuagoa du. Horregatik, taldearen helburua euren multzoko lehen lauen artean sailkatzea dela onartu dute xake klubeko arduradunek: "Helburua maila mantentzea da. Lehen lau postuetan jaitsiera saihestuko genuke".

Ongi hasi dute lehiaketa hiru puntu batuz. Pausoz pauso xedea lortzeko lan egingo dute kideek.  

Belaunaldi berria

Billabonatarrek, aldiz, aurtengo berrikuntza den Taula B taldearen aurka egin zuten; neurketa bana irabazi eta berdindu eta bi galdu zituzten etxekoek. 

Juan Carlos Figueras eta Juan Luis Varela beteranoek eta Mikel Manterola eta Diego Alonso gazteek osatzen dute B taldea.

Xake klubeko arduradunek onartu dutenez, "belaunaldi berriek bidea egiteko sortu da bigarren taldea. Lehiatzeko adina zuten 13 eta 14 urteko bi kide ditu eta beteranoekin batera nahasketa ona egin dute".

Lauko honen xedea, beraz, gazteek xake klasikoa nola jokatzen den ikastea eta txapelketa sistemara moldatzea izango da eta horretarako gazteek partida jokatzea besterik ez dutela azpimarratu dute Taula kideek. 

Izan ere, Taula Xake klubeko arduradunek azaldu modura, iaz kluba sortzearen asmoetako bat Lasarte-Oriako haur eta gazteei xakea hurbiltzea zen, gerora herriak xake jokalari belaunaldi berri bat izateko.

Harrobia lantzen

Klubeko harrobia lantze aldera, ostiral arratsaldeetan, 18:00etatik aurrera, haur eta gazteak Danok Kideren lokalean biltzen dira. Orain arte, irakasle bakarra izan da haurrei kirolaren nondik norakoak azaldu eta teknika ezberdinetan trebatzen. Talde handitzen joan den heinean, bigarren bat ere hasi berri dela jakitera eman dute klubeko kideek.

Eta xake kluba herriko haur eta gazte guztiei irekia dagoela gogoratu dute.

Beste herritarrak

Beste herritar batzuk ere Gros Xake Klubarekin lehian ari dira bigarren mailako txapelketan. Zehazki Juan Rodriguez eta Erlantz Sanchez dira eta Gros H eta Gros K taldeetako kide dira hurrenez hurren. Biek euren partidak irabazi zituzten lehiaketako lehen hitzorduan, nahiz eta Rodriguezen kasuan Gros Hk ezin izan zuen Gros Jren aurka garaipena erdietsi. 

Horrez gain, Ligako A multzoan daude Groseko bi laukoak, beraz, Taula Aren aurka neurtuko dituzte indarrak denboraldian zehar.