Solaskiden izena emateko azken eguna hilaren 31 dela gogorarazi dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 17a

Jalgi toki aproposa da solaskideak elkartu eta, kafe baten bueltan adibidez, euskaraz hitz egiteko.

Solaskide egitasmoko partaideek bi rol izan ditzakete: batetik, Bidelariak, euskara praktikatu nahi duten pertsonak; eta, bestetik, Bidelagunak, euskaraz aritzeko urratsak egiten ari direnei laguntzen dietenak. Lasarte-Orian ekimen horri aurrera eramaten dute Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Ttakun Kultur Elkarteak eta Muntteri AEK nahiz udal euskaltegiek.

Izena emateko epea hilaren 31ra arte zabalik dagoela gogorarazi du Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordokik. Bi baldintza besterik ez dituzte bete behar partaideek: euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila edukitzea eta astean behin ordubetez talde batean aritzeko konpromisoa hartzea. Interesa dutenek kultura@ttakun.eus helbide elektronikora idatzi, 695 78 53 89 telefono zenbakira deitu edo galdetegi bat bete behar dute.