Atsobakar kirol eremua izango denaren obraren erdia egin dutela azaldu du Agustin Valdivia alkateak; aldagelak, taberna, biltegia eta instalakuntza eremua hartuko dituen eraikinaren porlanezko eta metalezko egitura lanak dira amaitu dituztenak. Horiek eginda, igeltseritza eta instalakuntza lanekin hasiko dira orain; eremuko horma perimetrala amaituta, euri urak biltzeko sarea instalatzen ari dira.
Kirol eremuaren lanak "martxa onean" doazela ere kontatu du, eta, hori hala izanik, aurreikusitako datarako (maiatzerako) lanak amaituta egongo direla ere aipatu du. Kiroldegi berriari erreferentzia eginaz, azaldu du espero duela "interferentzia handirik ez gertatzea" kiroldegi berriaren lanen hasieraren eta Atsobakar kirol eremuaren amaiera lanen artean, horrek kirolariengan "ahalik eta eragin txikiena" izan dezan.
"Bigarren mailako obrak"
Horma perimetrala egiteko Froilan Elespe parketik zihoan pasealekuetako bat moldatu dutela azaldu du, eta, aipatu, kirol eremura Green plazatik eta trenbide ondotik oinez eta bizikletaz iritsi ahal izango direla erabiltzaileak.
Kiroldegira iristeko errepide bat ere izango da, baina autoak kirol eremuaren behealdean, Urbileko aparkalekuan utzi beharko dituztela ohartarazi du, izan ere, aurreikusia zegoen bidea eginez gero zuhaitz asko bota behar baitzituzten eta horiek mantentzearen alde egin dute. Halere, autoen aparkalekua eta kirol eremua eskailera batzuen bitartez konektatuko da. Honako adierazpenak gehitu ditu gero: "Instalazio honen alde ona da erabiltzaileak oinez zein bizikletaz iritsi ahal izango direla ateraino".