Hiru puntu gehitu zituen Eguzki ISU Leihoak taldeak Maialen Chourraut kiroldegian; 3. mailako jardunaldian Eibartarrak FT 8-4 garaitu zuen. Jon Merinok zuzentzen duen taldea egoki jardun zen eraso zein defentsan eta eibartarrek ezin izan zuten neurketa borrokatu. Ikus partidako irudiak argazki galerian.
1. Mailako taldeak, aldiz, aurkari zaila zuen, Lauburu KE Ibarra. Sailkapeneko bigarren postuan da Ibarrako taldea eta ongi erakutsi zuen. Aukera gutxi utzi zizkion Josu Lopezen taldeari eta Ibarrako taldea 7-2 gailendu zen.
Hitzordu hirukoitza
Kadete mailan lortu zen beste puntu bat. Harrobiko hiru taldeek Antiguokoren aurka izan zuten hitzordua batzuk etxean eta besteak kanpoan eta Goxokis Goxuak taldeak partida borrokatuan hiruna berdindu zuen.
Gazteen mailako Eguzki Bodegas Ayesak ere gogor egin zion aurre Donostiako taldeari. Baina azkenean Antiguokok eraman zuen garaipena, 4-5.
Txikiek bestelako neurketa bizi izan zuten, ordea. Donostiarrak nagusi izan ziren hasieratik. Nahiz eta Bar Escalerillako gaztetxoak saiatu, Antiguokok ongi hartu zion neurria eta 12-0ko izan zen azken emaitza.