Donostiako Antonio Elortza Belodromoan jardunaldi bikoitza izan zuten atletek. Ostadar SKTko zazpi ordezkari jauzi probetan, jaurtiketa proban eta 60 m. lasterketan izan ziren borrokan. Real Sociedad taldeko Yeray Veroniz herritarrak ere lasterketa motzean parte hartu zuen. Eta guztira lau domina eskuratu zituzten.
Jauzi probetan jantzi zituzten herriko kirol taldeko kideek hiru domina; urrezko bi eta brontzezko bat. Naroa Furundarenak luzera jauzi (5,84 m.) zein jauzi hirukoitzeko (12,56 m.) lehen postua eskuratu zuen nagusitasunez; luzera jauziaren kasuan, denboraldiko bere marka onena da.
Oinatz Almagro, aldiz, hirugarren postuan (13,30 m.) sailkatu zen jauzi hirukoitza proban. Bere marka 60 zentimetro ondu eta 18 urtez azpiko Espainiako txapelketako gutxienekotik oso gertu geratu zen gaztea.
Horiez gain, jauzi hirukoitzeko lehian, talde kide June Garciak bere marka pertsonala hobetu zuen, 10,97 m.
Laugarren podiuma 60 m. lasterketan lortu zuen Realeko Yeray Veroniz herritarrak. Donostiako taldeko atletak lehen postuan gainditu zuen bere sailkapen proba eta finalean 7,00 marka eginez brontzezko postua eskuratu zuen.
Talde urdin-beltzeko Oihana Igarriz podiumetik (10,91 m.) oso gertu izan zen pisu jaurtiketa proban. Lehen jaurtiketan bigarren izan zen eta bosgarren saiakera arte hirugarren zihoan, baina Tolosako Maria Felisa Okomok 11 metro baino gehiagoko jaurtiketa egin eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zen herritarra.
Kros txapelketa
Euskadiko Krosa txapelketa, berriz, Gasteizeko Gamarrako parkean jokatu zen, hilaren 14an. Parte hartzaileetako batzuk aurrez uko egin zioten lehiatzeari, baina ausartenek ibilbide lokaztuari aurre egin zioten.
Horien artean, absolutu mailan, Aloña Mendi elkarteko Jon Presa (35,56), Super Amara BAT taldeko kide Unax Goenaga (37,14) eta Atletico Renterian dabilen Mari Carmen Olaso (55,29) herritarra izan ziren eta hirurak helmugara iritsi ziren.
Eskolarteko konbinatuak
Bestalde, Ostadar SKTko kideek eskolarteko proba konbinatuen saioa antolatu zuten hilaren 13an, Donostiako Belodromoan.
Donostialdeko 200 bat haur bildu ziren bertan eta giro onean, adinaren arabera proba ezberdinak egin zituzten; lasterketa bat (60 m. edo 80 m.), luzera jauzia, pisu jaurtiketa eta zaharrenek 80 m. hesi lasterketa.