Intzako pilotariek denetariko emaitzak txapelketa ezberdinetako lehen jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 17a, 10:00

Intza pilota elkarteko kideek urteko lehen jardunaldian etxean jokatu zuten, hilaren 13an eta 14an. Txapelketa ezberdinei hasiera eman zieten pilotariek eta zorte ezberdina izan zuten

Errendimenduko bikotekako lehiaketarekin ekin zioten Intzako ordezkariek neurketaz betetako asteburuari. Zehazki, infantil 2. mailako bi lehia izan ziren hilaren 13an, Loidibarreneko pilotalekuan. 

Ez zen ongi hasi arratsaldea. Etxeko zaletuek ederki animatu arren, Hernani 1 nagusi izan zen eta 3-18 gailendu zen Markel Lopez eta Itxaso Iparragirreren aurka.   

Bestelakoa izan zen bigarren neurketa. Oier Jauregi eta Ekhi Maiz bikoteak borrokatutako garaipena eskuratu zuen; Behar Zana 2 18-13 gainditu zuten Intzako gazteek. 

Eta arratsaldeari amaiera emateko modalitate aldaketa izan zen; eskutik gomazko palara. 2. mailako txapelketako lehen buruz buruko jokatu zuen Jagoba Mendizabalek; Hernaniko Manterola izan zuen aurkari. Lehia estua izan zen eta etxeko pilotaria neurketa osoan aurretik joan zen. Azken tantoetan aurkaria fin ibili zen, ordea eta neurketari itzulia eman zion, 22-25.

Aurkariak uko

Hurrengo egunean, Michelin kirol gunean zuten hitzordua Infantil 3. mailako zein nagusien 2. mailako bikoek.

Azken horiek Udaberri txapelketari hasiera eman behar zioten, neurketarik ez zuten izan ordea. Zazpi Iturriko ordezkariek uko egin diote lehiaketa jokatzeari eta Intzako pilotariek hurrengo jardunaldira itxaron beharko dute.

Infantil mailako norgehiagokari dagokionez, Intzako gaztetxoek ez zuten zorterik izan. Unax Urdangarin eta Unai Lizarraga ederki borrokatu ziren. Baina momentu garrantzitsuetan urduri jardun ziren eta Goierri 3 bikoak ederki baliatu zuen egoera 15-18 irabazteko.

Alebinak ere

Hurrengo jardunaldian 2. urteko alebinak gehituko dira Errendimenduko bikotekako lehiara. Hilaren 19an, ostiralarekin, Intzako gaztetxoek EPLE 2ren aurka jokatuko dute Michelin kirol guneko pilotalekuan.