Beltzak RTko harrobiko kideek ez dute zorterik izan liga zein erkidegoen arteko lehian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 16a

16 urtez azpiko Euskadiko Selekzioa. Arg.: Euskadiko Errugbi Federazioa.

Euskal Ligako 2. mailako Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldeak 42-10 galdu zuen La Unicaren aurka; Euskadiko selekzioarekin lehiatu ziren Eneko Sanchez eta Lander Zabala 16 urtez azpiko jokalariek ere ezin izan zuten Valentzia garaitu 

Euskal Ligako 2. mailako Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldeak ez zuen zorterik izan Iruñera egindako bidaian. La Unicaren aurka neurtu zituen indarrak beltzek eta lehen minutuak borrokatuak izango zirela zirudien arren, etxekoek argi utzi zuten ez ziotela aurkariari garaipena erraz salduko; 42-10 izan zen azken emaitza.

27. minutura arte ez zen husnako berdinketa mugitu. La Unicak entsegu eta gauzatzea egin zuen eta minutuetara jaso zuen beltzen erantzuna entsegu bidez.

Atsedenaldira baino lehen beste entsegu eta gauzatzea egin zuten iruindarrek eta 14-5ekoa jarri zuten markagailuan.

Bigarren zatia indartsu hasi zuen etxeko taldeak eta ahaleginek fruitu izan zituzten; bi entsegu eta gauzatzerekin neurketa bideratu zuen.

Beltzak saiatu arren, 70. minutura arte ez zuten berriro entsegu marra igaro. 

Eta horren ostean ere La Unicaren beste bi entsegu eta gauzatze jaso zituen bere atean Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldeak.

Hurrengo jardunaldian, hilaren 21ean, Michelingo kirol gunean euren onena emateko entrenatuko dira beltzak. Ekin eraikuntzak Arratiko Zekorrak izango dute aurkari.

Euskadiko selekzioa

Ligako jardunaldi horretaz gain, 18 eta 16 urtez azpiko Euskadiko selekzioen lehia ere izan zen. Erkidegoen arteko Espainiako Txapelketako (CESA) hirugarren jardunaldia jokatu zen, Astiko zelaian, Zarautzen eta Valentzia izan zuten aurrez aurre. 

Gazteen taldean Beltzak RTko harrobiko Eneko Sanchez eta Lander Zabala gogor borrokatu ziren valentziarren aurka; Sanchez hamabostekoan izan zen eta Zabala 52. minutuan atera zen zelaira. Edeki saiatu arren, aurkaria nagusi izan zen eta 5-21 gailendu zen Valentzia.