Gudari oriatarrei omenaldia

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 14a, 13:45

Rosa Luxemburgo batailoiaren argazkia bat gehitu diete Oriako Zirkuito etorbidean daudenei. Islada Ezkutatuak eta Lasarte-Oriako Udalak egindako ekitaldian ezagutarazi dute eta irudiaren edukia eta testuinguru historikoa azaldu dituzte. Oriatar ugarik parte hartu zuen armada horretan.

Eguraldiak eta azpiegiturak baldintzatuta, ekitaldi mugatua egin behar izan dute, baina Islada Ezkutatuak elkarteko kide Joxea Muguruza taldekideak esan bezala, ez da gehiago merezi ez zutelako. Zirkuito etorbideko irudian agertzen dira Rosa Luxemburgo batailoiaren parte izan ziren oriatarretako batzuk, baina aitortza hein batean, zabalagoa da, eta garaiko oriatarrak ere kontuan hartu ditu. 

Karmengo kaperan batu dira udal ordezkariak, elkarteko kideak eta herritar talde bat. Muguruzaren agurreko hitzen ondoren, txistulariek pieza bat jo dute eta Agustin Valdivia alkarteak adierazpen bat egin du. Langileen eskubideen eta berdintasunaren alde borroka egin zuen Rosa Luxemburg-en aipu batekin ekin dio. "Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen. Demokrazia ez da goitik emandako oparia, erdietsi eta babestu beharreko zerbait baizik". Filosofo, politikari eta iraultzaile poloniarra 1919ko urtarrilaren 15ean eraila izan zen, "ideia handiak" utzita. Haren izena zeraman borrokalari taldeak ere "historia egin" zuen, "asko langileak ziren, goizetik gauera Espainiako II. Errepublikaren defentsa bere gain hartu behar izan zutenak. Espainiako II. Errepublikaren defentsa bere gain hartu behar izan zutenak. Errepublikak, Rosa Luxemburgek moduan,demokrazia, askatasuna, eskubide sozialak eta berdintasuna defendatzen zituen".

Esan bezala, gizon horietako asko oriatarrak ziren eta ideia horien defentsan hil ziren, "asko borrokan edo fusilatuta". Tomas Alkorta tenientea, Etxezar anaiak, Joaquin Garro, Ramon Muga, besteak beste. Gaur aurkeztutako irudiak haien "ondarea bizirik" iraunaraztea nahi dute, baita "beraien borroka eta konpromisoa balio horiek defendatzen ditugunentzat inspirazio izatea" ere. Eta hasi bezala amaitu du, Luxemburgen beste aipu batekin: "Sozialki berdinak, gizatasunez desberdinak eta erabat askeak izango garen mundu baten alde".

Joseba Tapia jarri da orduan mikro aurrean lehenengoz. Gerra garaia, sorkuntza garaia ere izan zela gogoratu du, "behar zutelako kontatu gertatua" edota "tropari indarra emateko". Berak himno bilakatutako Juan Ezenarrok 1937an idatzitako testua jo du: Agur, maiteño. 

Errepublika eta justizia soziala, lotura

Kantaren ondoren, Muguruzak testuinguru historikoan kokatu du Rosa Luxemburgo batailoia. Euskal gudarostearen laugarren batailoia zen, alegia, "edozein gerratan borrokarako laugarrenak ziren". Eliteko tropa zen, kide denak ez ziren gipuzkoarrak, eta "Errepublika eta konpromiso sozialak" eraman zituen herritarrak bertan parte hartzera. "Sinetsita zeuden eta armekin defendatzeko prest". 

Errepublikarekiko konpromisoa ulertzeko, estatuarekiko atxikimendua ulertu behar dela azaldu du Muguruzak, garai hartan Elizak pisu handia zuen eta jendearen autonomia oztopatzen zuen arlo askotan. Konpromiso soziala, berriz, garaiko lan esplotazioari lotuta dago. Orian, beraz, Brunet familiari. "Brunetek basatiki esplotatzen zuen. Guztiaren jabe ziren: lursailak, ura, mendiak, dendak, etxeak...". Soldatak "miseria" ziren eta zailtasun handiekin bizirauten zuten.

"Justizia sozialaren nahia" zutenak sozialismoak batu zituen, anarkistak, nazionalistak edo komunistak ere tartean baziren ere. Nabarmendu ziren zenbait oriatar aipatu ditu, Bikuña eta bi Begiristain, kasu. Azken hauetako bat alderdi komunistaren puntako faltsifikatzailea izan zen. Irungo mugan hemezortzi inteligentzia zerbitzu bazeuden ere, berak egindakoa pasatu egiten zen.  

Beterri eta Tolosaldetik nagusiki etorritako morroi asko zegoen garaiko Orian. Gero, "migrazio olatu txiki bat" beste probintzia batzuetatik heldu zen. Hala, Bikuñak "bi gizarte" deritzona zegoen: "euskaraz tutik ez dakien jende bat eta gaztelaniaz tutik ez dakien beste bat", eta bi taldeetako lagunek osatu zuen batailoia. Elkarteko kidearen esanetan: "Harrigarria da miseria eta esplotazio artean bizi ziren belaunaldi batzuek Errepublikaren eta justizia sozialaren aldeko borrokan erakutsitako duintasun demokratikoa, Oriako eta Lasarteko jende horrek  bezala. Elkartearen aitorpenik sakonena".

Portugaleteko topaketa

Kaperako zatia bukatzeko, Pepe Bolumburuk 1937an idatzitako Gerrako gure ibilerak kantua, "doinu eta guzti jasoa", abestu du Tapiak. Aurrez, ordea, gogoetatxo bat partekatu du. "Harrigarria da halako ipurdiko eta astakeria jasandako gizarte batek eta jende batek nola ateratzen ahal duen umorea. Horrek nolabait markatzen du jende horren maila intelektuala. Kapazak ziren umorea egiteko, eta horrekin, umore onez, bukatuko dut".

Txistularien doinuak lagunduta kalera irten dira. Zirkuitu etorbidean dagoen argazki aurrean, errepidean, Agurra dantzatu dute bi dantzarik. Txaloak isilduta, estalita zegoen irudiari kendu diote oihala  alkateak eta elkarteko kide Mikel Amenabarrek. Kosta egin zaie pixka bat, baina beste kide baten eta makil baten laguntzaz lortu dute.

Argazkian ikusgai dena zer den laburbildu du orduan Muguruzak. Irudia Portugaleten atera zuten, bertan egindako topaketa batean. Janzkera aztertu du eta gerrarako ondo prestatuta dagoen bakarra Rafael Izagirre, 20 zenbakiduna dela nabarmenduz. Ziur asko unitate desberdinetakoak zirela gehitu du, eta armak hartzeko moduak beteranoak zirela adierazten duela. 

Amaitzeko, elkarteko kideek argazkia egin dute alkatearekin argazki aurrean, eta jarraian, bertan agertzen direnen senideek.

Etxezartarrak, hurrengoak

Udaberria amaieran aurkeztu asmo dute Islada Ezkutatuak elkarteko kideek Oriako Etxezar familiari buruzko  lan monografikoa. Militante sozialistak ziren eta jazarpenaren ondorioz herritik ihes egin behar izan zuten. Kideetako baten atzetik zebiltzan oraindik ere 1960. urtean. "Frankok herri honi ezarri zion gerra zikina amaitu eta 23 urte pasata, oraindik, pertsona baten atzetik zebiltzan. Armen indarrez desagertutako familia bateko hamahiru kide ziren. Lehengusuak geratzen dira herrian, baina ondorengo zuzen bakarra. Hori  Gipuzkoa osoa guk dakigunez ez da gertatu". Ahaide hori Maria Angeles Etxazar da.