Urte berrian ere Palestinaren alde mobilizatzen jarraitzeko asmoa agertu du Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Dinamikak. Agora tabernan egin du agerraldia oraingoan, datozen astean aurrera eramango dituen bi ekimenen berri emateko.
Datorren ostegunean, hilak 18, 18:30ean aurrera eramango den udalbatzarrean mozio bat aurkeztuko duela iragarri du lehenik. Azaldu du mozio horrek bi helburu dituela; alde batetik, palestinarrek bizi duten genozidioa ikusaraztea, eta Lasarte-Oriako Udalak Palestinarekiko elkartasuna adieraztea, bestetik. Horretarako, udalari eskatuko dio udaletxeko balkoian SOS Palestina dioen afixa bat, eta Palestinako bandera bat eskegi ditzala behin-betiko su etena ezartzen den arte eta tropa sionistak Gazatik alde egiten duten arte.
Ekintza hori sinbolikoa izan arren, uste du "garrantzia kualitatibo handia" duela eta palestinarrek bizi duten "egoera humanitario jasangaitzaz kontzientzia hartzeko" balio lezakeela. Gogorarazi du iazko urriaren 7tik hona estatu sionistak 22.000 palestinar baino gehiago erail dituela, horietatik erdiak baino gehiago haurrak izanik.
Gaineratu du udalak "ozen salatu" beharko lituzkeela gertakari horiek, eta Gazan gobernu sionistak zigor eta gerrarako arma gisa gosea, egarria eta gaixotasunak erabiltzearen aurrean udalbatzak "epelkeria eta ekidistantziarik gabe" kokatu behar duela: "Gertaerei dagozkien hitzak jarri eta elkartasuna adierazteko unea da".
Horrekin batera, nabarmendu du dinamikarentzat ezinbestekoa dela "enpresa eta erakundeen gaineko presio neurriak" abian jartzea, "boikot, desinbertsio eta zigor kanpainaren bidez". Horretarako, udalerriaren eta bere inguruen mapa osatu du: Bertan, Gazako genozidioa babesten ari diren, eta beraz, beraien jarrera alda dezaten boikota egin beharko litzaiekeen edo presioa egiten saiatu beharreko enpresa batzuk identifikatu ditzute.
Bestalde, hilaren 21erako manifestazio deialdia ere egin du; Okendo plazatik abiatuko da, 17:00etan.
Herritarrei, deia
Lasarteoriatarrak bi deialdi horietan parte hartzera deitu ditu dinamikak.