TrukeLandia egitasmoa aurkeztuko dute kultur etxean datorren ostegunean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 12a

Esperientzia eta ezagutzak eman eta jasotzearen bidez guztiak bilaka daitezke aberats TrukeLandia egitasmoan. Izenak berak dioen bezala, bizipenak trukatzea da helburua, hilabetean behin. Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakun Kultur Elkarteak aurrera eramaten dute, elkarlanean. Erakunde eta eragile horretako ordezkariek, Jon Antxordoki Euskara batzordeburuak eta Arkaitz Ilarramendi Kultura arduradunak iragarri dute hilaren 18an aurkeztuko dutela jarduera, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan. 17:30ean hasiko da festa giroa izango duen ekitaldia eta GurasoLandia ekimenean parte hartzen ari diren familiek parte hartu ahalko dute, aurrez gonbidapenak eskuratuta.

Joan den ikasturtean TrukeLandian parte hartu zuten kideetako batzuk ere joango dira aurkezpenera, bizi eta landu zutena kontatzera: errezetak, jolasak, ipuinak, abestiak... amaiezina da zerrenda. Honezkero parte hartu dutenek esango dutena adi entzuteaz gain, ekitaldira bertaratzen diren familiek primeran pasatzeko aukera izango dute festa kutsua izango duen ikuskizun horretan. Horretan lagunduko du, nola ez, Porrotx pailazoak: antolatzaileekin batera dinamizatuko du arratsaldea.

GurasoLekuren adarrak

TrukeLandia egitasmoa GurasoLandiaren baitan dago, eta, azken hori, GurasoLeku izeneko ekimen baten adarretako bat da, GurasoLagun eta GurasoTegirekin batera. Urte batzuk daramatza martxan xede honekin: herriko haurrak elebidun oso bihurtzea, euskararen transmisioa familietan bultzatzearen bidez. Lan mahai batek koordinatzen du hori guztia eta hauek dira kideak: Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzua, Ttakun Kutur Elkartea eta herriko ikastetxeak nahiz euskaltegiak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "berezia" izaten ari da ikasturtea, ehun familiatik gora parte hartzen ari direlako aurten GurasoLandian, bost programaziotan banatuta, 0 eta 5 urte artekoei zuzendutakoetan hain zuzen ere.

Gonbidapenak jaso

Lehen esan bezala aurten GurasoLandian ari direnek bertaratu ahalko dute TrukeLandiaren aurkezpenera. Ekitaldirako gonbidapenak hilaren 16an eta 17an jaso ahalko dituzte Ttakun KEren bulegoan (Geltoki kalea 4, behea), 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.

Egun eta ordu horietan bulegora joan ezin dutenek kultur etxera bertara joan beharko dute 18an, eta 17:00etatik aurrera jaso gonbidapenak. Ikuskizuna doakoa dela gogorarazi dute antolatzaileek.