Felix Manso herritarra garaile izan da beterano mailako Gipuzkoako Xake txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 10a

Felix Manso, garaikurrarekin. Arg.: Bidasoa Xake Kluba.

Abendu amaieran, Felix Manso xake jokalariak beterano mailako Gipuzkoako txapelketa jokatu eta txapeldun titulua eskuratu zuen. Gabonetako hainbat lehiaketetan ere izan dira herriko jokalariak

Beterano mailako Gipuzkoako Xake txapelketa jokatu zen abenduaren 26tik 30era, Bidasoa Xake klubeko egoitzan, Irunen. Lasarte-Oriako Taula Xake klubeko kiderik lehian egon ez bazen ere, Felix Manso herritarrak garaikurra eskuratu zuen.

Zazpi partida jokatu zituen Mansok; bostetan garaile atera zen eta beste bietan taulak egin zituen. Beraz, sei puntu batu zituen guztira. Josu Tornay (5,5 p.) eta Ulrik Ortiz Rasmussenek (5 p.) osatu zuten podiuma.

Gabonetan lehian

Txapelketa ofizialak ez ezik, torneo ezberdinak ere lehiatu dira azken asteetan eta herriko xake jokalariak izan dira horietako batzuetan. 

Abenduaren 28an, esate baterako, Gabonetako Xake txapelketa izan zen Zumaian. Lehian parte hartu zuten Taulako bost kideen artean Erlantz Sanchez izan zen sailkapenean lehena.

Eta hilaren 7an, Errenteria Hiriko Errege eguneko II. Open Aktiboa izan zen. Gros Xake Taldean dagoen Alex Rodriguez herritarra izan zen Lasarte-Oriako ordezkarien artean hoberena eta Taula Xake Klubekoen artean, Daniel Vegas gaztea.