Begiristain anaiak, pala motzeko 2. mailako Gipuzkoako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 9a

Begiristain anaiak, garailearen txapela eta sariarekin. Arg.: Begiristain familia.

Maila eta pilota modalitate ezberdinetako Gipuzkoako txapelketak jokatu dira abendu eta hil honen hasieran. 2. mailako Pala motzeko finalean Lasarte-Oriako ordezkariak izan ziren, Jon eta Mikel Begiristain anaiak. Hilaren 7an, Altzako pilotalekuan lehiatu zen eta EPLE 2 (Aitor Estefano eta Abel Pichel) eta Errepala taldeko bikoak izan ziren aurrez aurre. Lasarteoriatarrak izan ziren nagusi

Ez zen bikoteek indarrak neurtzen zituzten lehen aldia. Lehiaketako lehen fasean B multzoan zeuden Errenteriako zein Donostiako taldeetako ordezkariak eta bigarren jardunaldian, borrokatu ziren bata besteen aurka; Lasarte-Oriako jokalariak puntu batengatik gailendu ziren. Bost partidaren ostean, launa garaipen eta porrot batekin bi bikoteek aurrera egin zuten txapelketan. 

Finalerdietan Errepalako herritarrek 40-29 gainditu zuten Oingu 3 eta EPLE 2 EPLE1en aurka aritu zen; 17-40.

Norgehiagoka berdindua espero zen, beraz. Baina Begiristain anaiek hasieratik aurre hartu (2-6) eta aldea mantentzea lortu zuten. Ia akatsik gabeko neurketa egin zuten eta aurkariei gerturatzeko aukera gutxi eman zieten. Ondorioz, Begiristain anaien aldeko 33-40eko markagailuarekin amaitu zen norgehiagoka. Txapela janzteaz gain, 1. mailarako igoera ere lortu dute herritarrek.

Gabonetan ere lehian

Horrez gain, Intza Kirol Elkarteko Itxaso Iparragirrek Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatu zen Gabonetako txapelketan parte hartu zuen hilaren 3an. Alde Zaharrako Sorondo eta Mundarroko Zabala pilotarien aurka neurtu zituen indarrak herritarrak eta bi norgehiagoketan aurkaria gailendu zen, 10-5 eta 7-10 hurrenez hurren.

Txapelketa berriak

Urtarrilean sartzearekin batera lehiaketa berriei aurre egingo diete herriko pilotariek eta txapelketa ezberdinetan murgilduko dira. 

Gomazko paletako bakarkako 2. mailako lehia ekingo du Jagoba Mendizabalek. 

Eskuz binakako Udaberri txapelketa lehiatuko dute seniorrek 2. mailan. 

Alebin eta infantil mailako kirolariek, aldiz, Gipuzkoako binakako txapelketa hasiko dute.