SOLASKIDE

Bidelari edo Bidelagun izateko aukera, hilaren 31 arte

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 9a

Solaskide egitasmoko partaideek bi rol izan ditzakete: batetik, Bidelariak, euskara praktikatu nahi duten pertsonak; eta, bestetik, Bidelagunak, euskaraz aritzeko urratsak egiten ari direnei laguntzen dietenak. Taldetxotan biltzen dira eta, normalean, kafe baten bueltan, osteratxo bat emanez edo zaletasunak partekatzen aritzen dira euskaraz, giro ederrean.

Solaskide egitasmoan izena emateko epea hilaren 31ra arte zabalik dagoela gogorarazi dute Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Ttakun Kultur Elkarteak eta Udal Euskaltegia nahiz Muntteri AEK euskaltegiek. Bi baldintza besterik ez dituzte bete behar partaideek: euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila edukitzea eta astean behin ordubetez talde batean aritzeko konpromisoa hartzea. Interesa dutenek kultura@ttakun.eus helbide elektronikora idatz dezakete, 695 78 53 89 telefono zenbakira deitu edo galdetegi bat bete. 

Antolatzaileek azpimarratu dute, batez ere, Bidelagunen premia dutela, hau da, Bidelariei euskaraz pausuak ematen lagunduko dieten pertsonenak.