Treba Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimena da, eta, gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. Tresna "arina eta eraginkorra" izan nahi du, hainbat eragileren lankidetzaren bidez, guraso izateari dagokion ezagutza lurralde osoan transmititzeko. Hazieraren eremu hori hain aldakorra izanik, gainera, "bizia eta malgua" izan nahi du, unean uneko errealitatera eta eskaerara egokitu ahal izateko.
Haurren eta nerabeen guraso guztiek, uneren batean, orientazioa behar dute hezkuntza prozesuan beren funtzioak "behar bezala" garatzeko. Hala ere, laguntza edo babes horren helburuak ez du erreparatzaile edo terapeutiko hutsa izan behar; aitzitik, prebentziozkoa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu behar du.
Gurasotasuna gauzatzeko modua "nabarmen aldatu" da gure gizartean. Beste arlo askotan gertatutakoarekin batera (familia-forma ezberdinak, genero-rolen aldaketa, kultura-aniztasuna...), hemen ere kontzeptu aldaketa bat eman da. Izan ere, seme-alaben aldetik obedientzia eta diziplina lortzen oinarrituta zegoen guraso autoritatearen ordez, konplexuagoa den eta lan gehiago eskatzen duen kontzeptu bat gailentzen ari da: gurasotasun arduratsuaren edo gurasoen erantzukizunaren kontzeptua, hain zuzen. Hori hala izanik, gakoa jada ez da gurasoek seme-alaben obedientzia lortzeko autoritateaz baliatzea, aginte hori arduraz erabiltzea baizik; hau da, seme-alaben eskubideak zaindu daitezen erantzukizunez jokatzea, baina gurasoenak kaltetu gabe. Horrek barnean hartzen ditu haurrak eta nerabeak beren sozializazio prozesuan parte hartzera bultzatzea, beren gaitasun kritikoak sustatzea eta, aldi berean, pixkanaka, beren autonomia eta herritartasun aktiboa sustatzea.
Ondorioz,, gaur egungo aitei eta amei gurasotasun positiboaren ikuspegiak lagundu diezaieke beren seme-alaben heziketako eta hezierako jardunean. Gakoa ez da gurasoek beren seme-alaben obedientzia lortzeko autoritateaz baliatzea, baizik eta aginte hori arretaz betetzea; hau da, arduraz jokatzea seme-alaben eskubideak babesteko, baina gurasoen eskubideak urratu gabe. Horren barruan sartzen da haurrek eta nerabeek sozializazio prozesuan parte har dezaten bultzatzea, haien gaitasun kritikoak sustatzea eta, aldi berean, haien autonomia pixkanaka sustatzea eta herritartasun aktiboa gauzatzea.
Hitzaldiaren eta tailerraren helburu orokorrak
Hitzaldiaren bitatez, seme-alaben emozioak kudeatzeko eta zaintzeko kontuan izan beharrekoa landuko dute gurasoek, horrela, familiaren osasun emozionala zaintzeko tresna sinple eta eraginkorrak eskuratuko dituzte. Tailerrean, berriz, seme-alaben emozioek egunerokoan duten garrantzia azaldu, eta horiek nola kudeatu eta zaindu landuko dute, familian sortzen diren arazo eta gatazketan erabiltzeko tresna emozionalak eskuratuko dituzte.