Eguraldiak moldaketaka ekarri baditu ere, Errege Magoek ez dute hutsik egin. Lasarte-Oriara etorri dira bidaia luzea eginda, eta herritarrekin igaro dute egunaren zati bat, eta noski, etxez etxe opariak banatuko dituzte gaur gauean. Atsobakarreko egoiliarrek batzuk jaso dituzte, goizean izan baitira hiru erregeak bertan. Banatu egin diete opari bana eta ilusioz zabaldu dituzte gehienek. Han zeuden ere haur batzuek gutuna emateko baliatu dute aukera, baita Meltxor, Gaspar eta Baltasarrekin argazkia egiteko ere.
Gutunak biltzen aritu dira pajeak Okendo plazan. Euria ari zuenez, arkupeetan jarri dute postontzia eta margotzeko mahai pare bat. Gutunez gain, haurrek margotutako orriak eman dizkiete pajeei, eta azken hauek gozokiak eman dizkiete bueltan.
Kabalgatarik ez da izan aurten, horren ordez, Loidibarrenen antolatu dute harrera Megaba elkarteko kideek. Jaiotza bat jarri dute txoko batean, zoruan lastoa botata. Astoak ez du batere jan, baina artzainek eta baserritarrek jolaserako eta elkarri botatzeko baliatu dute. Harmailen goialdean eta karroza ondoan jarri dira erregeen laguntzaileak lastargiekin. Ibilgailuan, noski, aingerutxoak eseri dira. Eta bi gune horien artean, hiru ilara osatu dituzte, bakoitzak nahi zuen erregea agurtzeko. Bi orduz hitz egin dute Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek beraiengana joan diren haurrekin eta nahi beste gozoki eman dizkiete. Beste urte batzuetan bezain ikusgarria izan ez bada ere, une magikoa bizitzeko aukera izan dute.