Ainhoa Martin herritarra, Ordiziako Gabonetako Nazioarteko Sarian txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 5a

Ainhoa Martin, Gabonetako Nazioarteko sariko podiumaren gorenean. Arg.: Bidasoa XXI.

Gabonetako 41. Nazioarteko Saria jokatu zen abenduaren 29an, Ordiziako Majori igerilekuan. Buruntzaldea IKTko Garazi Etxeberria, Miren Sarobe eta June Lopezez gain, Ainhoa eta Leire Martin ahizpak Euskal Selekzioarekin lehiatu ziren. Bi ahizpak finaletarako sailkatu eta lehen postuetan amaitu zituzten euren saioak. Ainhoak gainera txapela jantzi zuen  200 metro lau estilo probako markari esker

Bi ahizpek hiruna probatan egin zuten igeri.

Ainhoak bular estiloko 50 m. (33,50) eta 100 m. zein 200 m. lau estiloko sailkapenak gainditu zituen, baina bular estiloko proba motzari uko egin zion arratsaldeko finaletan. Bi saioetan goizeko markak hobetu eta garaile izan zen; 100 m. bular proba, 01.09,41 eta 02.14,87. Azken marka horrekin, FINA sailkapeneko 737 puntu eskuratu zituen gazteak eta horri esker, lehiketako sari nagusia eta txapela jaso zituen. Gredos San Diego taldeko Sara Costa de Vicente (100 m. bizkar, 01.00.85; 734 puntu) eta CN Barcelonako kide Mireia Pradell Carrasco (50 m. bizkar, 28,16; 720 puntu) izan zituen lagun podiumean.

Leirek, aldiz,  50 m. eta 100 m. (01.02,22) bizkar eta 200 m. lau estilo probak egin zituen eta hiruetan finaletarako txartela eskuratu zuen. Hala ere, bizkar estiloko proba luzeko finala ez zuen jokatu. Lehiatutakofinaletan kanporaketako markak ondu –50 m. bizkar, 28,69 eta 200 m. lau estilo, 02.17,23–   eta hirugarren postuan sailkatu zen bietan. 

Marka pertsonalak

Buruntzaldea IKTko  kideak ere bikain aritu ziren denboraldiko lehen hitzordu garrantzitsuan. Nahiz eta txapelketaren maila altuaren ondorioz finaletarako ezin sailkatu, markak ondu eta euren prestakuntza aurrera doala erakutsi zuten.

Garazi Etxeberriak bizkar erako 50 metroetan (31,46) eta 50 m. libre (27,60) probetan bere marka onenetatik gertu ibili zen. Goizeko hirugarren proba, 100 m. libreetan, nekea somatu eta amaitzea kosta arren, 01.00,23 egin eta bai igerilaria baita prestatzaileak ere  gustura geratu ziren emaitzarekin. Hiru marka horiekin finaletarako ordezko modura geratu zen Etxeberria.

Miren Saroberek egindako bi saioetan igerileku laburreko marka pertsonalak berritu zituen.  50 m. librean 28,95 egin zuen eta 100 m. librean, berriz, 01.02,38. "Miren oso gustura, indartsu, hutsik egin gabe eta gogoz aritu da entrenamenduetan zehar eta hori nabaria izan da oraina arte egindako lehiaketetan; eta hitzordu hau ez da gutxiago izan," aipatu dute Buruntzaldea IKTko prestatzaileek.

Azkenik, June Lopezek bizkar erako 100 metroko lehian parte hartu zuen. Entrenatzaileek jakitera mean dutenez, Lopez sorbaldako lesio txiki bati aurre egin dio azken hilabeteetan eta ondorioz, ezin izan du "behar den bezala" entrenatu. Ahalik eta egoera fisiko onenean iristen saiatu dira eta lanak fruitu eman du; 01.13,05 markarekin bere erregistro onenetik bi segundora geratu zen.

Euskal selekzioarekin

Ez da hau Egunerrietan Buruntzaldea IKTko kideek izan duten berri on bakarra. Iker Garciak Euskal Selekzioaren deia jaso du. Infantil eta junior mailako Erkidegon arteko txapelketa lehiatuko da hilaren 19tik 21era Palma Mallorcakoan (Balear Uharteak) eta Garcia infantil mailako euskal kobinatuaren zerrendan dago.