Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteak (LOTME) otsailean bi jarduera berezi eramango ditu aurrea.
Hilabete hasieran, otsailaren 2an zehazki Alex Txikonekin bildu ahalko dira herritarrak. Hitzordua Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan izango da, 19:00etan.
Alpinista beteranoaren ibilbidea izango dute solasgai, baita bideo bat ikusi ere. Ostean, ikusleek galderak egiteko aukera izango dute.
Bizkaiko mendizalea neguan mendi esanguratsuen gailurra egiteagatik da ezaguna. 2023 urtean Manaslu izan zen eta orain Annapurna igotzen ari da.
Sarrera doakoa den arren, hitzaldiko plazak mugatuak dira. Beraz, ekimenera joan nahi duten herritarrek elkarteko webgunearen bitartez izena eman behar dute.
Neguko irteera
Eta hil horretako azken asteburuan, otsailaren 24-25, neguko irteera egingo dute Tena bailaran, Huescan.
Ez da txango soila izango, ekimenean goi-mendiko tokiko gida batek mendian neguan ibiltzeko hainbat alderdi erakutsiko ditu, hala nola, ingurunearen interpretazioa, baldintzen eta taldearen arabera eraman beharreko gutxieneko materiala, neguko mendiko oinarrizko materiala (erraketak, pioleta eta kranpoiak) behar bezala erabiltzea edo elur-jausietan erreskatatzeko materialarekin praktika.
Asteburuko ekimenaren gaineko informazioa, prezioa eta izena emateko formularioa LOTMEren webgunean daude eskuragarri.