Dozenaka herritarrek korrika hasi dute urte amaierara bidea

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 31a, 16:57

Zazpigarren urtez, korrika hasi dute dozenaka lagunek urteko azken eguna Lasarte-Orian. Jon Presa izan da guztietan azkarrena, baina goizeko festak beste protagonista batzuk ere izan ditu. Bi aipatzearren, Yeray Rodriguez haurraren aldeko pintxo pote solidarioa egin dute eta Txema Valles omendu.

Iaz bezala, goizean egin dute lasterketa eta osagai berriak gehitu dizkiote egitarauari. Bizipozako kideek parte hartu dute eta 360º argazkia egiteko aukera izan dute hala nahi izan dutenek. Lasterketarako ateri egin badu ere, lehen orduetan euriak ez du barkatu eta zoruaz gain, plazan bildutakoak ere busti ditu. Plazako arkupeetan babesa bilatu dute, baina jarritako karpetan ere. Edonola, umore ona ez dute galdu bertaratutakoek. 

Erraldoi eta buruhandiak izan dira irteten lehenak eta ordu berean ekin diote pintxo pote solidarioari. Yeray Rodriguezek behar duen osasun tratamenduari buruz hitz egin du bere aitak, orain arte Madrilgo medikuen erabakiak Osakidetzak aurrera eraman baditu ere, haurrak behar duen hazteko hormona ematea ukatu diote. Hortaz, familiak bere gain hartu behar du hura ordaintzea. Goizean bildutako dirua horretara bideratuko dute. 

Eguerdia baino lehentxeago Porrotx eta Bizipoza elkarteko zenbait kide igo dira eszenariora. Bakoitzak urte berrirako desio bat eskatu du. Laura Hueso Aspanogiko kideak "gehiago maitatzea, gehiago barre egitea eta elkarrekin momentu gehiago bizitzea", Tomas Arrutik, aldiz, "Mendebaldeko Saharan bizi duten gerra eta 50 urteko okupazioa amaitzea nahi dut eta sahararrek erabakitzea zer herrialde izan nahi duten", Miren Bardajik Lesbosen boluntario izan da hiruzpalau urtez errefuxiatuei laguntzen. "Hainbeste ezberdintasun, giza eskubideen urraketa eta zapalkuntza sorrarazten duen sistemaren apurketa. Justizia soziala eta erreparazio politikak aldarrikatzen ditugu". Nahizen elkartearen izenean Oihanek "norberak bere identitatea bizitzea aske, libre, onartuak izatea, herriaren eta erakundeen babesa izatea, eta elkarrekiko maitasuna". 

Ondoren, Yeray eta bere gurasoak igo dira. Oaintxe in deu! txarangako kideek utzitako bonboari joaz irudikatu dituzte kanpaikadak. Haurrek banatutako gozokiak eta serpentinak baliatu dituzte ospakizunean. Konfetiak euriaren tokia hartu du tarte batean beheko aldean zeudenak blaituz. Urak ez du eten, ordea, eta Saito gimnasioko monitoreen beroketa tartea hartu du, irteerarako minutu gutxi falta zirenean, hala ere, lainoak joan eta eguzkia atera da.

Agurra dantzatu dute eta lasterketari ekin diote partaideek. Patinatzaileerik ez zenez, korrikalariak izan dira lehenak, eta ondoren, ipar martxako kideak. Gehienek mozorroren bat jantzi dute, ia plazatik buru izan den Jon Presa herritarrak igeriketa txanoa eta betaurrekoak aukeratu ditu. Korrikarako oso erosoak ez ziren batzuk: iman bidezko ahate arrantza jokoa, habia eta txitak, garagardo kaxa...

Guztiak helmugaratu direnean, sari banaketaren ordua heldu da. Horren aurretik, ordea, Txema Valles omendu dute 1 zenbakidun dortsala emanda. Eskertu egin du aitortza eta onartu kostatzen ari zaiola egoera berrira ohitzea, "barruan daramat eta beste modu egiten dut. Egunero tarte bat eskaintzen diot niretzat pasioa den honi: nire herriaren historiari". Kirol iragana ere gogoratu du Oihana Picos aurkezleak galdetuta, "1970ean bat zenbakia eman zidaten Texas Lasartearran atezain jokatzeko. Bat zenbakiarekin hasi eta amaituko dut". Lore sorta eta oroigarria jaso ditu eta atzeko aldera joan da Ramon Ormazabalekin.

Esan bezala, Jon Presa izan da azkarrena –igeritarako txanoaren lekuan txapela jarri du oholtza gainean–; lehen emakumezkoa, berriz, Sara Agirre oriotarra. Ipar martxan lehena Manoli Zumeta izan da eta lasterketako partaide beteranoenarenari saria ere jaso du; eta lehen gizona, Jose Mari Iturrarte oriotarra. Mozorro onenen sariak hauek izan dira: San Ildefonsokoak, Loteriako zenbaki eta sariak abestu dituzte beraiena jasotzean; espazio-ontzia, Gabonetako gozoak, habia osatzen zuten txitak eta garagardo kutxa.