3x3 saskibaloi txapelketa kiroldegira bueltatu da

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 30a, 17:15

Ostadar SKTko Saskibaloi sailak 3x3 txapelketa berreskuratu du, baina oraingoan, benjamin, alebin, infantil eta kadete mailako jokalariek bakarrik parte hartu ahal izan dute. Goiz atsegina igaro dute kirola egiten eta denek jaso dute horrez gain bestelako sariren bat.

Goizeko lehen ordutik saskibaloia protagonista izan da Maialen Chourraut kiroldegian. Urte batzuetako parentesiaren ondoren, Ostadarrek berreskuratu egin du 3x3 txapelketa eta 22 taldek izena eman dute bertan parte hartzeko. Aurrekoetan ez bezala, oraingoan goizera mugatu da txapelketa, parte har zezaketen kategorien kopurua murriztu baitute.

Pista eremutan zatitu eta lau jolastoki prestatu dituzte. Pistaren erdian garaikurra zegoen mahai baten gainean, eta haren inguruan zeuden paperetan ikus zezaketek jokalariek noren aurka zuten hurrengo norgehiagoka. Gune hori baliatu dute beroketa ariketak egiteko edo itxaroteko, nahiz eta gehienek nahiago izan dute aurkarien partida ikusi. Zortzi minutukoak izan dira, saski bakarrarekin, eta puntu gehien pilatutakoek finalerdia jokatu dute. Azken aurreko partidak eta finala, zelai handiagoan (aurreko bi elkartuta) aurrera eraman dituzte.

Lau orduko txapelketa amaitzeko, 13:30ak aldera, sari banaketa egin dute. Parte hartu duten talde guztiek jaso dute poltsa bat ura, gailetak eta beste zituena; eta kategoria bakoitzeko txapeldunak eta txapeldunordeak beste opari batzuk eskuratu dituzte. Talde argazki bana egin dute, lehenik partaide guztiena, eta ondoren, kategoria bakoitzeko lehen bi sailkatu guztiena.