Martinezek, Olasagastik eta Andresek euren aitortza jaso dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 22a, 21:44

2023aren hondarrean, kirolari onenei sariak banatu ditu Lasarte-Oriako Udalak. Ohi bezala,  emakumezko eta gizonezko banari emandako urteko kirolari onenaren sariez gain, ibilbide bat ere aintzatetsi dute. Paula Martinez gimnasta eta Markel Olasagasti golf jokalariak jaso dute egindako denboraldiagatik saria, Amaia Andres atleta eta entrenatzaileak, berriz, Kirol Ibilbidearena.

Jalgunek eta eskola kiroleko haurrek hasi dute Kirol Gala. Elkarrekin dantza egin dute, Asier Odriozolak nabarmendu bezala, Jalgunek "aniztasuna zabaltzen eta sustatzen du" eta kirolak ere balio horiek hedatzen laguntzen du. Ongietorria eman die bertaratutakoei, bereziki, Agustin Valdivia alkateari, Goizalde Pildain kirol zinegotziari, udalbatzako kideei, sarituei eta kirolariei.

Lasarte-Oriak kirolarekin  harreman "estu, handia, garrantzitsua eta azpimarragarria" izan du abiapuntu Odriozolak eta hori azaltzeko, anekdota bat baliatu du. Bere lagun batek honakoa esaten omen dio herriaz gaizki esaka sumatzen duen edonori: "Esadazu udalerriren bat Europa osoan duena edo izan duena: Txirrindularitza, Munduko Txapelketa, Formula 1eko txapelketa, Nazioarteko Krosa, zaldi lasterketa, golf zelaia eta Gipuzkoa osoaren inbidia zen futbol zelaia eta Olinpiar Jokoetan sari gehien irabazi dituen piraguista". Hortaz, lasarteoriatarrek "harro" egon daitezke. Esandakoa nahikoa ez balitz, herrian eta herritarrek egiten dituzten kirolen irudiekin osatutako bideoa ikusgai izan dute.

Sariak banatzeko, agertokira igo dira Pildain eta Valdivia. Labur hitz egin du kirol zinegotziak. “Gaur ez da nire eguna, zuena baizik. Mezu bakarra hiru aldarri nagusirekin; kirola osasuna da, kirolak bizitzak aldatzen ditu eta kirolean ez dago mugarik”, eta hunkituta gehitu du: “oso harro nago zuetaz”. Alkatea gehixeago luzatu da. Paula Martinez gimnasta, Markel Olasagasti golf jokalaria eta Amaia Andres hiru sarituak izan badira ere, "askoz gehiago" izan zitezkeela gogoratu du eta gainerako hautagaiak animatu ditu aurten posible izan ez bada ere, hurrengoan izan daitekeela gogoratuz. "Denak adibidea zarete, ahaleginarekin eta dedikazioarekin dena, edo ia dena, posible dela erakusten diguzue". 

Kirolari lotutako norbanako eta taldeko balioak goraipatu ditu eta onuragarri izanik, horien lanketa errazteko atletismo pista eta errugbi zelaia eraikitzen ari direla, eta laster kiroldegi berriko lanak hasiko dituztela esan du, "udal honek bere historian egun duen inbertsio garrantzitsuena". Era berean, gainerako azpiegiturak hobetu eta auzoetakoei garrantzia eman nahi diela ere gehitu du, "kirola herritar guztiengana heltzeko". 

Eskerrak eman dizkie kirolariei herriaren izena "ahaleginari, lorpen eta helburu berriak lortzeko ahaleginari" lotu izanagatik; eta gogorarazi die ez dela nahikoa "gorputza entrenatu eta elikadura zaintzearekin", pentsaera ere landu behar dutela, "pentsamenduak kontrolatu, emozioak kudeatzen jakin eta zuen izaera irabazlea indartu". Kirolaz egunero gozatzea ahalbidetuko dien hori egiteaz gain, "gogor lan egiten jarraitzera" ere animatu ditu, "eta zuen ametsak lortzera, gainerakoek amesten jarrai dezagun". 

Txapelak eta galderak

Urteko emakumezko kirolaria sarirako bi hautagai zeuden: Aiora Belartieta arraunlaria eta Paula Martinez gimnasta. Bigarrena izan da txapela buruan jantzi eta lore sorta jaso zuena. Odriozolak bere lorpenak errepasatu ditu: Gipuzkoako txapelduna pilotan, Gipuzkoako txapelduna xingola, Gipuzkoako txapeldun orokorra, Euskadiko txapelduna pilotan eta Euskadiko txapeldunorde orokorra. Senior B mailatik Senio A mailara pasatzeko balio izan dio. Onartu du "harro" dagoela lortutakoarekin. "Denboraldi zaila izan da, aurrekoa gogora izan zen ez nuelako helburua lortu, baina aurrera jarraitu dut eta merezi izan du". 

Urteko gizonezko kirolari sarirako hiruren artean aukeratu behar izan dute: Jon Presa atleta, Markel Olasagasti golf jokalaria eta Jon Martin futbolista. Olasagasti gailendu da. AEBtan bizi den gazteak aurten lortutako emaitza onenen zerrenda luzea irakurri du aurkezleak, denen artean nabarmentzeko batzuk hauek dira: hemeretzi txapelketa jokatuta hiru garaipen eta 11 Top-10 eskuratu ditu, Euskal Federazioko Ranking-ean lehen postuan da eta ere unibertsitateko garaipenen errekorra du.

Kirol ibilbideari aintzatespena jasotzeko lehian Rafa Andreu karateka eta Amaia Andres atleta zeuden.  Azken horri eman diote eta jaso ahala adierazi du "Rafak ere merezi zuela". "Ilusio handia" eragin dio, halako omenaldiak eskertzekoak badira, beasaindarra izanik, "hemen omendua izatea harrotzeko da". 

Hiruak txapela buruan eta lore sorta eskuetan eseri dira eszenarioan zeuden hiru aulkietan, eta Odriozolak galderak egin dizkie tertulia moduan. Kirol gogorra ez dirudien golfari buruz galdetu dio Olasagastiri. Tentsioa kudeatzeko garrantziaz aritu da gaztea, "mentalki ondo funtzionatzen dut. Golpe artean, ibiltzean, hurrengoan pentsatzen duzu edo txarra izan bada aurrekoan, mentalki ona izan behar da beti positibo pentsatzeko, denbora asko daukazu". Bere indarguneak aipatuta, idoloagatik galdetu dio aurkezleak, "Tiger Woods" eta Jon Rahmi buruz galdetu, "ona da, baina ez naiz bere zalea". 

Andresen distantzietako bat 800 metroak ziren. Ez esprinta ezta iraupen lasterketa izanda nola bideratzen zuen azaltzeko eskatu dio Odriozolak. Puntu gorena, 1992an Olinpiar Jokoetan izan zuela onartu du, bere buruari galdetu ziola merezi izan zuen, eta baiezkoa erantzun. Orain Ostadarreko entrenatzaile moduan asko disfrutatzen du, "zorte hori izan dut, kirolari eta entrenatzaile izatea". 

Martinezi, berriz, bere kirolaren alde zailena zein den galdetu dio. "Denboraldiko lana lehiaketako minutu eta erdian jokatzea". Gogorra eta zorrotza da kirola, eta Martinez "nahiko perfekzionista" eta horrek batzuetan ondoriak dituela zehaztu du. Entrenatzeaz gain, txapelketak ere ikusten ditu hobetzeko. Aurtengo denboraldia "oso-oso ona" izan dela eta bere ametsa hala jarraitzea da "Olinpiar Jokoak?", galdetu dio aurkezleak. "Ez" erantzun du azkar. 

Gero, aulki artera jaitsi, eta senideei galdetu die aintzatetsiei buruz. Andresen senarrak, gurasoek eta semeak erantzun dute egindako galdera Andresek detailerik galdu gabe begiratzen ziela. Gauza bera egin du Olasagastiren gurasoekin, alboko eserlekuan eserita. Martinezen senide gehiago bazeuden ere, anaia eta amari egokitu zaie hitz egitea. Ama hunkitu egin da alabaren urte zaila gogoratzean eta alabari malkoren batek ihes egin dio bera entzutean.

Erketz taldeko bi dantzarik Agurra dantzatu diete, eta ondoren, Jalgune, Ipar Martxa eta herriko beste klub batzuetako kirolariek elkarrekin egin dute dantza. Gala bukatzeko, talde argazkia egin dute denek hiru sarituekin eta udaleko ordezkariekin.