Kantutegiari gainbegiratua egin dio Jon Maiak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 23a, 21:41

Bertsolari zumaiarrak Kantu berri bat gara lanaren bira egiten ari da eta larunbatean horren barruko emanaldia egin du kultur etxean. Poesia eta kantak uztartuta gainbegiratu ditu besteentzat egindako abestiak eta aproposa lan horretarako idatzitakoak. 

 

 

Letragile modura 30 urtetan idatzitako kanten antologia izan zen 2021ean argitaratu zuen Kantu bat gara obra. Izadako arrakastaren ondotik, lan berri bat ondu du: kantu berri bat gara liburu-diskoa. Honetan, kanta berriak dira nagusi eta bertsioak ere badira, baita kolaboratzaile oso bereziak ere. Herrian ere izan ditu halakoak. Emanaldia hasteko, Earra bertso eskolako lau kide irten dira lerro batzuk irakurri eta bertso bana abestera. Banan bana egin dute, eta ondoren, lauek elkarrekin. 

Ondoren, argiak itzali, eta ikur bat proiektatu dute, Bereterretxeren oroitarria, zenbat soinurekin batera. Bereterretxeren kanthoria zenbait ahotsetan entzun da, baita Marsellesa, gerra soinuak, Korrikako ohiak, alemanez hizketan ari den ahotsa... Horiek entzungai zirela, musikariak atera dira agertokira: Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (biolontxeloa), Nacho Soto (pianoa, sintetizadoreak) eta Nerea Quincoces (perkusioa, ahotsa); eta ondoren, Maia bera. Txanta egin du, Andoianen edo Villabonan dagoela esanda, eta ondoren, aitortu du gogoa zuela Lasarte-Oriara etortzeko "plaza berezia da, soziologia berezia du". 

Zuberoako borta batean ezezagun batek idatzitako kanta baliatu du transmisioari buruz hausnartzeko. "600 urte dituen abesti hori nola iritsi da Spotifyren garairaino?". Eta horren metafora den kantu bat eskaini du jarraian. Hurrengoa, berriz, Felix Iñurrategiri eskaini eta Mikel Urdangarinek ezagun egin zuen Non geratzen den denbora? izan da. Haren sorreran dagoena azaldu du, zehazki, Xabier Letek Xabier Lizardiren poema batekin egindako abesti baten esaldia: "Berriro igo nauzu ene mendira". 

Eta hala jarraitu proiekzioak, inprobisazioa eta emozioak lotutako saioa josten kantaz kanta.