Elkarlanari esker osatu dute Gabonetako horma irudi koloretsua

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 22a, 13:42

Atsobakar egoitzan izan da TXINTXARRI gaur, eguerdian, eta Gabonen atarian gaudenez, Oriarte Institutuko ikasleekin, elkarlanean egindako proiektutxo bat ezagutzeko aukera izan du bertaratu den aldizkariko kazetariak. Eguberriak zoriontzeko postal apain bezain ederren sortu dituzte aipatu ikastetxeko ikasleek; lehiaketa bat ere egin dute sortu dituzten lan horien guztien artean ederrenak izendatzeko. Aldi berean, egoitzako egoiliarrak ere lan horretan aritu dira. Eskulanen tailerrean egin dituzte eskulan eder horiek, psikomotrizitate fina landu eta Eguberrietako apaingarriak osatzeko asmoz. Horrela, institutukoek sortutakoen artean, gehien gustatu zaizkienak aukeratu dituzte egoiliarrek, eta beraiek sortutakoei batuta, mural eder bat osatu dute. Egoitzako atarian jarri dituzte denak ikusgai, eta horma irudi horren aurrean talde argazkiak atera dituzte.