Hamaika saltsatan sartuta egon ohi da beti eta horri osasuna, mugikortasuna eta elastizitateari buruzko liburu bat idaztea gehitu dio. Iruditzen zaio alor horiek, bizitza estilo aktibo eta mugituago bat eramatearena batez ere, "gutxietsita" daudela gaur egungo gizartean, eta fokuan jarri nahi du, adin guztietako pertsonentzat baliagarria izan daitekeen erreminta bat jarrita haien eskura.
Hiru atal
Hiru atal ditu Puro movimiento-k: lehenengoa, marko teorikoa, irakurtzen duenak oinarri anatomiko batzuk eta kontestu bat barnera ditzan; bigarrena, ariketa praktikoena, artikulazio desberdinak lantzeko (sorbaldak, belaunak, orkatilak, eta abar); eta, hirugarrena, giharren luzaketei buruzkoa, aurreko lanketa bezain garrantzitsua dena egilearen iritziz. "Mugikortasuna eta elastizitatea ez dira gauza bera, baina biak landu behar dira, izan ere, giharrak gero eta elastikoago, orduan eta hobeto egingo dute haien lana artikulazioek".
San Anicetok azpimarratu du bi faktorek eragiten dutela mugikortasuna galtzen: adina da bat eta praktika eza bestea, ariketa falta. Bere liburuan, esan bezala, ariketa, kontzeptu eta argibide ugari topatuko dituzte testu, ilustrazio eta argazkien bidez. Pertsona bakoitzak bere errealitate, gaitasun eta egoera fisikora doitu dezake egin beharrekoa, goi mailako kirolari ala ariketarik egiten ez duen norbait izan.
Urtarrilaren 21a
Liburua eskuratzeko informazio gehiago behealdeko QR kodea eskaneatuta topatuko dute irakurleek. San Anicetoren proiektuak aurrera egin dezan ehun ale erreserbatu behar dituzte urtarrilaren 21a baino lehen. "Dashbook argitaletxeak crowdfunding estiloko dinamika batekin funtzionatzen du; aurrez ezarritako kopuruetara iritsi ezean, eskaera egin dutenei dirua itzuliko die".
"Gogoz eta ilusioz" ari da lanean egitasmo horretan San Aniceto. "Bizitza estilo aktiboago eta osasuntsuagoa bultzatu nahi dut, mugimenduaren bidez". Orain arte batez ere sare sozialen bidez zabaldu ditu gai horiekiko jarraibideak eta urrats bat gehiago egin du horri guztiari euskarri fisiko bat emanda.