Oraina eta etorkizuna du euskal tradizioak Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 22a, 09:15

Zortzi ikaslek osatu dute Euskal Jantzi Tradizionalen aurtengo taldea. Horien guztien artean, gainera, ikastaroak inoiz izan duen parte hartzailerik gazteena aritu da: Aizpea Barcina Etxebeste. Lan ederrak osatu dituzte, denek ala denek, aurten ere

Amaitu berri da Euskal Jantzi Tradizionalen aurtengo ikastaroa. Bi hilabetez oihalak moztu, josi eta beste hainbat lanetan aritu dira joskintza saioetan parte hartu duten herritarrak. Txalekoak, amantalak, jakak, gonak, eta beste zenbait pieza sortu eta eraberritzeko lanetan aritu dira parte hartzaileak, eta denek ala denek, lan "bikainak" egin dituzte. Hala nabarmendu du taldea gidatzeaz arduratu den irakasle Ione Artolak. Urte mordoa daramatza ardura horretan, eta, aurtengo ikastaldiaz galdetuta, azaldu du urtero bezala "oso gustura" aritu dela. "Oso talde jatorra" osatu dutela ere azpimarratu du, eta guztiek egindako lanarekin "oso pozik" agertu da: "Ikastaroan urtez urte parte hartzen dutenek izugarrizko aurrerapenak egin dituzte, eta berriek egindakoa ere ederra izan da". 

Aurtengo taldeak, gainera, kide berezi bat izan du: Aizpea Barcina Etxebeste. 11 urteko lasarteoriatar gaztea. Inoiz ikastaroak izan duen ikaslerik gazteena izan dela azaldu du Artolak eta hori "zirraragarria" izan da berarentzat: "Titare ikastaro iraunkorrean ezagutu genuen elkar, eta ikasle oso saiatua zela ikusita, eta joskintza gustuko duenez, jantzi tradizionalen saioetan parte hartzera animatu genuen. Izugarri pozten nau harrobia badela ikusteak; ilusio handia egin dit bere parte hartzeak".  

Joskintzaren "harrobia"

Bere ama Ane Etxebestek parte hartzen zuen Titare joskintza ikastaroko eskola batera joan zen Aizpea alaba. Bisita egin, eta zein lanetan ari zen ikustera bertaratu zen, eta, orduz geroztik, bera ere izan da joskintza taldeko kide: "Gustatu zitzaidan ama eta beste taldekideak egiten ari zirena, eta bertan parte hartzeko aukera eskaini zidaten. Hortik etorri da Euskal Jantzi Tradizionalen ikastaroan aritzeko aukera". 

Amonak eskuz jositako azpiko gonaren eta orain arte erabili duen amantalaren itxura berritze lanak egin ditu ikastaroak iraun bitartean. Azpiko gonak, adibidez, luzera gehiago du orain, eta baita zabaltasun handiagoa ere. Gainera, "lorza" izeneko tolesturak ere egin dizkio, eta amonak jarritako puntillari ere erantsi dio beste zati bat. Amantalarekin ere antzeko; oihal zati berriak gehitu dizkio luzatzeko, eta apaingarri gisa. Nabarmendu du "oso gustura" aritu dela lan horietan, eta taldekideek "ondo" hartu dutela. Irakasleari buruz galdetuta, azpimarratu du "txukuna" dela, eta beti dagoela "laguntzeko prest". 

Orain, amaitu da Euskal Jantzi Tradizionalen ikastaroa, baina urte berriarekin batera hasiko da Titare, eta, lekurik lortzen badu, behintzat, bertan arituko dela aurreratu du gazteak, gogoz.