Lasarte-Oriako Kirol Gala izango da gaur, hilaren 22an, 19:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean. Herriko kirolariek eta kirol modalitate ezberdinek erakusleiho ederra izango dute eta hainbat elkartek parte hartuko dute ezustekoz betetako emanaldian.
Urtero moduan bi kirolariren jarduna aitortuko du Lasarte-Oriako Udalak. 2023 urteko kirolari onenen sariak Paula Martinez gimnastak eta Markel Olasagasti golf jokalariak jasoko dituzte. Martinez senior B mailako Euskadiko zein Gipuzkoako txapeldun izan da aurten eta Olasagastik 19 txapelketa jokatuta 3 garaipen eta 11 Top-10 eskuratu ditu; Euskal Federazioko Ranking-ean lehen postuan da.
Kirol ibilbidearen saria, aldiz, Amaia Andres Ostadar Atletismo saileko arduradunari emango diote. Andres, besteak beste, Espainiako txapeldun izan zen eta 1992ko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen; gaur egun, atletismoarekin lotutako erakunde ezberdinetako kide da.