Bi garaipen eta porrot bat, urteko azken jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 20a, 13:00

Euskal Ligako Ostadar Boleibol saileko taldeek zorte ezberdina izan zuten urteko azken jardunaldian. Bi taldeek Bizkaiko ordezkariak izan zituzten aurrez aurre

Maialen Chourraut kiroldegian, CV Gallartaren Ahotsaren aurka neurtu zituzten indarrak I. mailako kideek eta denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu zuten, 3-0 (25-15,15-18 eta 25-17).   

II. mailako taldeak, aldiz, Getxora egin zuen bidaia eta aurkako emaitzarekin itzuli zen etxera. Neurketa borrokatuaren ostean, Getxoko Aixerrotak 3-1 (25-22, 18-25, 25-23 eta 25-19) garaitu zituen.

Gipuzkoako txapelketa

Gipuzkoako mailari dagokionez, kadete taldeak bakarrik izan zuten jardunaldia.

Zarautzen jokatu ziren urdin-beltzak eta Salbatore Mitxelena 1-3 (21-25,25-11,17-25 eta 23-25) garaitu zuten. 

Lehen fasea amaituta, urtarrilean senior, junior, kadete eta infantil mailako kideek Gipuzkoako txapelketari egingo diote aurre.