Mendizale amorratua izaki, ez da harritzekoa Ansa hobe moldatzea distantzia luzeetan esprint laburretan baino. Bere lan egiteko modua atletismoarekin alderatu du: "Batzuk gai dira liburu bat urtebetean idazteko, baina ni ez, asko estresatzen naizelako eta ez dudalako emaitzarekin gustura bukatzen. Urteen joan-etorriarekin zure burua eta erritmoa ezagutzen dituzu: Eliud Kipchoge maratoilariari 100 metroak egiteko eskatzen badiozu, azkenetakoa geratuko da, eta, Usain Bolt-ek 42 kilometroko lasterketa bat egin behar badu azkar abiatuko da, baina hirugarren kilometrorako erretiratu".
Edonola ere, argi du erritmo lasai hori eraman dezakeela beste lanbide eta iturri ekonomiko batekin uztartu ahal izan duelako zeregin hau, Historia eta Geografia irakasle izan baita 35 urtez Donostiako Larramendi ikastetxean. "Nire ogibide bakarra mendiko liburuak idaztea balitz, ez nuke horrenbesteko patxada izango". Edizio txiki bat atera du eta ale horiek saltzetik poltsikora eraman dezakeenak ez du arduratzen. "Gozatzeko hartzen dut lan hori guztia, gauzak egiteko ilusioa dudalako. Autore batek esaten zuen moduan, prezioa da gauza bat egiten inbertitzen duzun bizitza kopurua".
Hamabi urtetako lana
Gauzak horrela, azken hamabi urteak igaro ditu El circo de Lescun. Unas montañas de ensueño lana ontzen, presarik gabe eta egindako bideaz gozatzen. "Horrelako proiektu luzeek badituzte gauza onak, adibidez, detaile askoz gehiago sar ditzakezula eta lan sakonagoak egin". Hori da Ansaren liburuaren berezitasunetako bat, izan ere, mapa eta argazki ikusgarriez gain, Frantzian dagoen herriaren eta inguruko mendi txundigarriei (Pirinioetako Dolomitak ezizenez ezagunak dira baita ere, Italia iparraldeko gailur horiekin duten antzagatik) buruzko kondaira eta istorio mordo bat bildu ditu. Esate baterako, Lescun hitzak zer esan nahi duen: "Neolitiko garaiko transhumante tribuen hizkuntza euskararen antzekoa zen, eta Lats-gun deitzen zioten eremu horri, erreka edo latsen tokia alegia". Udalerri horrek, beraz, badu nolabaiteko antza Lasarte-Oriarekin, Lasarte izena lats arte-tik baitator, erreka artean dagoen eremu bati erreferentzia eginda.
Lescungo zirkua 64 gailurrek osatzen dute. Acherito, Anie, Ansabere edota Pic des Trois Rois dira nabarmenenetako batzuk. Mendiek eta haien gailurrek istorio harrigarriak gordetzen dituzte, baina baita beste eremu batzuek ere, Le Chemmin de la Mature delakoak esaterako. Arrokaren barruan dagoen igarobide bat da, gaur egun mendizaleek igarotzen dutena baina XVIII. mendean bestelako funtzio bat zuena: Frantziako garaiko gobernuak, inguruko basoetan ontzietako mastak egiteko egur bikaina zegoela-eta, horiek ustiatzea erabaki zuen, eta, tokiko orografia nolakoa zen ikusita, Le Chemmin de la Maturen bertan pasabide bat eraikitzea bururatu, zur hori Pirinioetatik Baionara eramateko.
Lescunera "lehenbailehen" joateko deia
Ikus-entzunezkoa proiektatu aurretik, honakoa iragarri du Ansak: "Lescun ezagutzen ez duzuenoi joateko gogoa sartuko zaizue irudiak ikusi eta gero". Hogei minutu geroago konbentzituta zeuden Antonio Mercerora joandako guztiak. Ildo horretatik, mendizaleak ohartarazi die hobe dutela "ahalik eta azkarren" joatea bertara, eremu hori orain bezain ongi kontserbatuta dagoen artean. "Etorkizuna ez da batere itxaropentsua: 1.800 biztanle izatera iritsi ziren eta gaur egun 170 lagun inguru bizi dira, horietako gehienak adinekoak". Beste toki askotan gertatzen ari den moduan, exodoa nabarmen ari da eragiten Frantziako udalerri horretan. Beste adibide bat: 1950ean 47 artzainek ateratzen zuten ogibidea han, eta gaur egun bederatzi besterik ez dira. "Ikuspuntu egoista batetik begiratzen diogu guk Lescuni, bertara joan, inguruaz gozatu eta zirkua osatzen duten mendietako bat edo batzuk igo, eta alde egin. Baina zer gertatzen da urte osoan bertan bizi behar dutenekin?".
Horri lotuta, Ansak kontatu du 1964. urtean Lescunen etorkizunerako giltzarri izan zitekeen egitasmo bati buruz erabaki behar izan zutela bertako herritarrek: eski estazio bat eraiki ala ez. Botoa eman zuten banan-banan eta emaitza oso paretsua zenez, alkateak erabaki behar izan zuen kalitatezko boza emanda. Ezezkoa izan zen. 21 urte geroago, alkatearen semeak zirkua osatzen duten mendietako bat eskalatu zuen, sokarik erabili gabe, ordu eta erdian. Gaur egun, udalerri horretako bizilagunek oraindik ere gogorarazi egiten diote aitak erabaki zuena.
Santa Barbaratik, munduko gailurretara
Ostadar SKTko Mendi saileko kide Alex Tetuanek aurkeztu du gonbidatua. "Gazte hasi zen mendian Juan Mari, Santa Barbaran aurrena, Euskal Herriko mendietan gero eta izan zuen baita ere espedizionario garaia, munduko gailur ugaritara joan eta maila izugarri altuko igoerak eginda".
Mendiko literatura idazten makina bat urte daramatza eta liburuak argitaratzen hasi aurretik artikulu eta errelato ugari idatzi zituen. Ez nolanahikoak, gainera: zortzi aldiz irabazi du Pirenaicako Literatur Txapelketa. El circo de Lescun idazten hasi aurreko bederatzi urteetan erreferentziazko beste lan bat ondu zuen, Las Malloas de Aralar. Itinerarios, historias y leyendas. "Artikulu bat izan behar zuena liburu bilakatu zen urteen poderioz, eta, oraingoan, alderantzizko bidea egin dut, lan mardul bat egiteko asmorik gabe hasi eta hau aurkezten bukatu".