Bizipoza Eskola "behar bati erantzutera" datorrela nabarmendu dute aurkezpenean parte hartu duten ordezkariek: Bizipoza elkartearen koordinatzaile Leire Elizegi, Danobatgroupeko lehendakariorde Jose Antonio Hidalgo, eratu berri duten proiektuaren arduradun Nerea Godoy, proba pilotuetan parte hartu duten Amassorrain nahiz Aratz ikastoletako nahiz Hilargi, Arnasa eta Ndank Ndank elkarteetako kideak. Hezkuntza inklusiboa da guztiek azpimarratu duten premia hori, eta, zentzu horretan, Bizipoza Eskola "ekarpen praktiko bezain garrantzitsu eta beharrezkoa" egitera dator. Bidenabar, adierazi dute "bete gabe" daudela "haur eta familien eskubide batzuk", eta, horri aurre egiteko, elkartu egin direla, eragileak sortzen dituztenean bezala.
Bizipoza Eskolaren webgunean gida didaktikoak, material osagarriak eta egutegia bildu dituzte. Horiei esker, gai ugari jorratu ahalko dituzte erabiltzaileek: norbere buruaren ezagutza eta taldekidetasuna; genero rolak, identitatea eta transexualitatea; familia aniztasuna eta sexu orientazioa; heriotza; kulturaniztasuna; gaixotasunak; aniztasun funtzionala; eta boluntariotza.
Hori guztia Euskal Herri osora zabalduko dute Bizipoza elkartekoek, aurkezpen hauek guztiak eginda: urtarrilaren 31n Baionan izango dira; otsailaren 7an, Gasteizen; 21ean, Bilbon; martxoaren 13an, Iruñean; eta, azkenik, 27an, Donostian.
Danobatgroupen babesa
Esan bezala, Bizipoza Eskolaren egitasmoa Danobatgroup enpresak finantzatu du, gizarte erantzukizunarekin zerikusia duten egitasmoak bultzatzeko aurrera eramaten duen Elkarrekin Eragin programaren bidez. Hidalgok adierazi duenez, "pertsonengan oinarritzen den proiektu sozioenpresarial bat izanik, guretzat ezinbestekoa da inklusioa eta izaera bereziko gaiak lantzen dituen Bizipoza bezalako elkarte bati baliabideak ematea".
Ildo horretatik, Bizipozako ordezkariek agerraldia baliatu dute 2017az geroztik elkarte horren egitasmoei ekarpenak egin dizkieten kooperatiba eta enpresei eskerrak emateko. Denen artean 1.400.000 euro inbertitu dituzte, tarte horretan Bizipozak gauzatu dituen proiektuen ekarpen ekonomikoaren %85, hain zuzen ere.