Gaixotasunaren kontrako borroka luze eta kementsu baten ondoren, Aitziber Ugartemendia Zubeldia lagun eta elkartekidea joan zaigu. Horren aurrean, lehenengo eta bat, Borobilean Elkarteak bere dolumin sentikorrena adierazi nahi die bere senide eta ingurukoei.
Borobilean ertz bat galdu dugu gaur, bere berezkoa eta errepikaezina zen koordenatu bat galdu dugu. Ezen, gaixotasunak ezin izan dio eragotzi Aitziberri Borobilean Elkartearen bultzatzaile eta sortzailetako bat izatea. Bataila hori irabazita joan zara, konpai. Adorez eta maitasunez, zure urteetan irabazi dituzun beste bataila asko bezala. Izan ere, zure urteak ez dira debaldekoak izan, ez horixe: otarrean kargatuta utzi diguzun fruitu pila dugu horren froga. Aitziberri zor diogu, adibidez, gure Elkartearen izena, Borobilean; berak ikusi zuen borobilean jarrita zela elkarri entzuteko, elkarrekin hitz egiteko, hausnartzeko eta amesteko geometriarik egokiena. Jarrerarik onena.
Aitziberren hutsunea sentituko dugu, zalantzarik ez, baina ez gara hutsik sentituko, Borobilean ederki baitakigu hutsak zer esan nahi duen. Hutsa espazio inmateriala da, Aitziber orain den moduan, komunitatearen espazioa. Denon artean, Aitziber barne, sortutako komunitatearen espazioa; guk eta gure aurrekoek ere bai, eta aurrekoen aurrekoek… Euskaraz eta euskaratik, herritik eta herriarekin definitzen eta egikaritzen den komunitate horretan Aitziberren arrastoa egongo da beti.
Adiorik ez, konpai! Eta, zoaz lasai, ez dizugu hutsik egingo.