Pirritx, Porrotx eta Marimotots saritu ditu Gehiago Gara elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 16a, 15:38

Haurren heriotzaren aurrean naturaltasunez eta humanitatez jardutea xede duen Gehiago Gara ekimena aurkeztu dute larunbat goizean Donostiako Cristina Enea Fundazioaren egoitzan. Ekitaldian aitortza egin diete haurren heriotza eta heriotza haurrekin naturaltasunez eta humanitatez bizitzeko lan egiten duten elkarte eta erakundeei, tartean, pailazoak. 

"Haurren gaixotasunaren eta heriotzaren aurrean erakutsitako arreta eta zaintzagatik" eta Amaren intxaurrak ikuskizunarekin heriotzaren gaia haurrekin lantzeagatik aintzatetsi dituzte Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguezek jaso dute ikurra Bidegin Elkarteko Begoña Berroetaren eskutik. Ez dira bakarrak izan, ordea. Beste sei eragileren jarduna ere aitortu dute: Antzuolako Herri Eskola, Gurutzetako Ospitaleko Zaintza Aringarri Pediatrikoen Unitatea, Bilbo-Basurtuko ESIko jaiotza-doluko lan taldeak, Oiartzungo Udala, Tolosako Haur Liburutegia eta Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea izan dira. 

Heriotza gizartean tabua bada, haurren heriotza are eta tabu handiagoa da. Hala sentitzen dute Hil Argi Elkartea sortu zuten haurrak galdu dituzten gurasoek. "Isiltasuna eta ezintasuna" sumatzen zuten inguru askotan eta hura gainditu eta haurren heriotza "modu naturalago eta humanizatuagoan" bizi daitekeela sinetsita, Gehiago Gara ekimena abiaraztea erabaki zuten. Bizipoza Elkartearekin bildu ziren, "berezkoa baitu haurren bizi indarra eta poztasuna areagotzeko helburua", eta gerora batu ziren haurren heriotzaren gainean alor ezberdinetan lan egiten duten Esku Hutsik Elkartea, Heriotza Haurrekin, Bidegin Elkartea eta Goizargi Elkartea. 

Aitortzak banatu aurretik, manifestu bat aurkeztu dute ekimenaren muina azaltzeko. Hala dio:

"Badira ikusezinak izanda ere, badaudenak. Izan zirenak eta gugan bizi-bizirik maitasuna indartzen eta etengabe erakusten darraitenak. Gure umeak hil ziren, joan ziren gure albotik, baina haiei esker Gehiago Gara. Hauxe da gure ekimenaren izena eta izatea.

Haurrak hiltzen zaizkigunean sortzen den min handiari gehitzen zaio sarritan gizartean ematen den isiltasunak eta naturaltasunez jarduteko ahalmen ezak eragiten duen mina. 

Soberan dagoen min hori gainditu nahi dugu Gehiago Gara ekimenaren bidez, eragile bakoitzak bere alorrean haurren heriotza, eta heriotza haurrekin, naturaltasunez eta humanitatez bizi izateko jarrerak  bultzatuz:

  • Hezkuntzan, heriotzaren eta doluaren pedagogia zabaltzen,
  • Osasungintzan, haurren zaintza aringarriak eta egoera hauetan jardun egokiak garatzen,
  • Udal, elkarte eta erakunde ezberdinetan, haurren heriotza gertatzen denean beraien jardunean naturaltasunez eta humanitatez jarduteko moduak zabaltzen,
  • … eta isiltasuna eta ezintasuna gainditzen laguntzen duten beste edozein jardun gauzatzen.

Badagoelako bidea erraztu dezakeen modurik. Eta, betiko legez, gauza txikiak eginez gauza handiak lor daitezkeen itxaropena dugulako.

Ekimena abiatzen dugun honetan, Gehiago Gara jarrerarekin jardun duten elkarte eta erakundeak aitortu nahi ditugu.

Eta ziur gaude gehiago garela.

Horregatik, deia luzatzen dizuegu Gehiago Gara jarrera hartu duzuenori, gai honen inguruan duzuen  esperientzien berri eman eta elkarrekin guztiok ikas dezagun.

Isiltasuna eta ezintasuna baino GEHIAGO GARELAKO, eta zurekin batera GEHIAGO IZANGO GARELAKO."