Intzako pilotari gazteek Ekialdeko txapelketari aurre egin diote

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abenduaren 15a

Benjaminen topaketako neurketetako bat.

Intzako pilotariek Gipuzkoako txapelketako lehen fasea amaitu zuten azaroan. Alebin eta infantil mailako kideak Ekialdeko txapelketa jokatzeko sailkatu ziren eta hilabete honetako lehen bi asteburuetan kanporaketak jokatu dituzte

Hilaren 9an Intzako bi kirolari izan ziren kantxan. Unai Lizarragak infantil 3. mailako final laurdena izan zuen. Unax Urdangarinekin batera jokatu du txapelketa eta horrek lehen kanporaketa 1-2 gainditu ostean, Lizarragak Alde Zaharrako Salaberriaren aurka jokatu behar izan zuen; donostiarra 2-0 nagusi izan zen.

Michelin kirol gunean 2. mailako Ekhi Maizek final zortzirenetako neurketari egin zion aurre. Mundarroko Aldazabal izan zuen aurkari eta 5-8 galtzen hasi arren, itzulia eman zion herriko pilotariak bi joko (8-7 eta 4-2) irabaziz.

Maila horretan ere Itxaso Iparragirre eta Markel Lopez-Arkaitz Lasa jardun dira. Horiek final hamaseirenetan utzi zuten lehiaketa. Iparragirrek Mundarroko Anzaren aurka galdu zuen 2-1 eta Hernaniko Hernandezek Lopez 2-0 gainditu zuen.

Oier Jauregi, aldiz, 1. mailako infantil mailako final zortzirenak jokatu zituen hilaren hasieran. Behar Zana elkarteko Iraolaren aurka neurtu zituen indarrak eta aurkaria 2-0 gailendu zen.

Alebin mailan ere izan da ordezkaririk. Lier Garmendiak LAPKEko Galarraga izan zuen aurkari kanporaketan. Lazkaotarra nagusi izan zen; 2-0 irabazi zuen.

Bakarra lehian

Gauzak horrela, Intzako pilotari bakarra, Ekhi Maiz, geratzen da txapelketako finalen bidean. Gaur, hilaren 15ean, 18:00etan final laurdena jokatuko du gaztetxoak; Mundarroko Anza gainditu beharko du Maizek final erdietan izateko.  

Gainerako taldekideak, senior mailako zein gomazko pilotako kirolariak barne, urtarriletik aurrera Udaberri txapelketan euren onena emateko lanean ari dira.

Txikiek, topaketak

Bestalde pilota eskolako benjamin mailako txikiek jardunaldi ezberdinak izan dituzte azaro eta abenduan. Azkena Michelin kirol guneko pilotalekuan izan zen hilaren 2an.