Lasarte-Oria tentsio handiko eremu izendatzea eska dezake udalak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abenduaren 15a

Hala egitekotan, Lasarte-Oriako Udalak aukera izango du herriko alokairuen prezioak mugatzeko. Iraileko udalbatzarrean Kaleratzeak Stop plataformak mozioa aurkeztu zuen izendatzea eskatzeko.

Tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzak betetzen ditu Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren arabera.  Izendatzeko prozedura hasteko, eskaera egin beharko dio Eusko Jaurlaritzari eta horrekin batera hiru agiri aurkeztu: eremuaren mugak, datuetan oinarrituta behar adina etxebizitza eskaintzeko aukera ez dagoela arrazoitzen duen memoria, eta gabeziei erantzuteko hiru urteko ekintza plana, egutegi zehatz batekin.

Hala bada, udalak aukera izango du herriko alokairuen prezioak mugatzeko, bai kontratu berriena bai indarrean daudenena. Maizten berrien kasuan, alokairuaren prezioa aurreko kontratuaren parekoa izango da, urteko eguneratze klausula batekin. Etxe bat bost urtean alokatu gabe egon bada, prezioak erreferentziazko prezioen indizeen sistema aplikatuta ezarritako dira. Halaber, kontratua amaitzen zaien maizterrek aparteko luzatzea eskatu ahalko dute, kaleratzea sahiesteko. Urtez urte egin beharko dute, gehienez hirutan. Gainera, etxejabe handitzat hartuko dira bost etxebizitza dituztenak.

Udalerriak edota distrituak erabakitzerakoan, Eusko Jaurlaritzak bi irizpide hartu ditu kontuan udalak tentsio handiko eremu izendatzeko, bietako bat betetzea nahikoa izanda: Alokairuen prezioen igoera %17a baino handiagoa izatea (KPI + hiru puntu),  eta alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastua etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa.

Irailean Kaleratzeak Stop plataformako ordezkari Rosa Garcíak herriaren egoerari buruzko zenbait datu eman zituen. Familia unitate askok euren diru sarreren %40-%50 bideratzen dute alokairua ordaintzera, eta ezin ordainduagatik etxegabetze arriskuan daudenak badirela herrian. Orduko horretan, EH Bilduko Uxue Loinazek azaldu zuenez, batez beste, metro koadroaren salneurria 3.300 euro da, eta alokairua 800 eurokoa. Herriko etxebizitzen %80a merkatu librekoak dira.