Hasiera batean aurreikusitakoak baino gai gehiago eztabaidatu dituzte urteko azken udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abenduaren 15a

Hasiera batean gai ordenan zehaztutakoak baino bi gai gehiago eztabaidatu dituzte ohiko udalbatzarrean. Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Dinamika eragilearen mozioa izan da horietako bat, eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarena, bestea. Biak urgentziaz eztabaidarako onartzea erabaki du udal korporazioak. 

2023ko azaroaren 9an eta 29an egindako osoko bilkuren akten onarpenarekin eman dio hasiera, udalbatzak hil honetako ohiko udalbatzarrari, eta, jarraian, 4/2023 kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko espedientearen berri eman dute. 

Gai ordenako hirugarren puntuan landu dute saioko lehen mozioa, LAB sindikatuarena. Haurrek lehen haurtzaroko hezkuntza eta zaintza eskuragarriak eta kalitate onekoak izateko eskubidea dutela aldarrikatu du sindikatuak aurkeztutako mozioak. Horrez gain, azaldu dute Lasarte-Oriako Haurreskolak Partzuergo Publikoko haurreskolan haurren matrikulazio bilakaera ikusita, ez dela plazarik egongo familia gehiagok izena emateko, eta, hortaz, hurrengo matrikulazio epeetan haurrak kanpoan geratzeko aukera dagoela. Hori hala izanik, honako eskaera egin dute: "Haurreskolak Partzuergo Publikoko eskaintza unibertsal, publiko, doako eta euskaldun nahikoa egon dadin, Lasarte-Oria udalerrian Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko haurrentzako nahikoa plaza bermatu daitezen Haurreskolak Partzuergoarekin elkarlanean, Haurreskolaren handitzea edo Haurreskola berria zabaltzea eskatzen du dagoen eskaerari erantzun ahal izateko". Gaiak ez du eztabaidarik sortu, eta aho batez onartu ostean, aurrera egin du gaiak. 

EH Bilduk aurkeztutako mozioa landu dute laugarren puntuan; Plazaolako bide berdeaz mintzatu da alderdian. Mahaigaineratu dute, jakin dutela Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun saileko 2024rako aurrekontuek ez dutela aipatu bide berde hori Urnieta eta Lasarte-Oria arteko bidea lotzeko falta den zatia egikaritzera bideratutako partidarik. Azpimarratu du Lasarte-Oriarentzat zein Buruntzaldea osorako Plazaolako bide berdea garatzeak mugikortasuna, aisia, zein turismo baliabide bezala duen garrantzia, eta hori hala izanik, honako bi eskaerak egin ditu: 

1. Lasarte-Oriako Udal Batzarrak 2022an egin zuen bezala Urnieta eta Lasarte-Oria lotu eta behingoz Plazaolako Bide Berdearen proiektua bururaino garatzeari bere babesa adierazten dio.
2. Zentzu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun sailari exigitzen dio proiektua ez dezala 2024ko aurrekontuetatik baztertu eta 2022an adierazi zuen bidetik jarraituta Plazaolako bide berdearen proiektua behingoz hasi eta garatu dezala.

Desadostasunak eragin ditu gaiak. PSE-EE eta EAJ-PNVk aurka bozkatu dute. ELOP Elkarrekin Podemos Lasarte-Oria, alde agertu da, eta PPk, berriz, abstentzioaren alde egin du. Gauzak horrela, bertan behera geratu da mozioa. PSE-EEk eta EAJ-PNVk, berriz, "egokiagoa den" alternatibo bat aurkeztu dute. Aurrera egin du; hau izan da bozketaren emaitza: PSE-EE eta EAJ alde; EH Bildu, aurka; eta, ELOP eta PP, berriz, abstentzioa. 

Aurreikusi gabe beste bi mozio

Bi mozio urgentziaz gai ordenan gehitzeko eskatu dute bosgarren eta seigarren puntuetan. Palestinarekin Herri Dinamika eragilearen mozioa izan da horietatik lehena. Palestina bizitzen ari den egoera mahaigaineratu du taldeak, eta gaineratu, udalak, "herritarrengandik gertuen dagoen erakundea" izanik, herritar gehienen kezka eta amorrua bere egin, eta egunez egun Israelgo Estatua egiten ari den nazioarteko zuzenbidearen urratze larria salatu behar dituela.

Gauzak horrela, honako hamabi eskaera egin dizkiote udalbatzari:

  1. Lasarte-Oriako Udalak irmotasun osoz gaitzesten ditu Israelgo Estatuak Gazan egindako ekintza militarrak, baita okupatutako Palestinako beste leku batzuetan egindakoak ere, nazioarteko zuzenbidea larri urratzen baitute. Eraso hauek justifikatu ezinak dira, eta eskualdeko segurtasun eta egonkortasun eta egonkortasuna ahultzen dituzte.
  2. Lasarte-Oriako Udalak erasoak berehala gelditzeko eskatzen du, eta Israelgo armada Palestinatik erabat ateratzeko. Palestinaren subiranotasuna eskubide osoa eta lurralde osotasuna erabat babesten eta errespetatzen ditu.
  3. Lasarte-Oriako Udalak Palestinari eta hango herriari erabateko elkartasuna eta estimua adierazten die. Bizien galera deitoratzen du, eta atsekabe sakona agertzen du, biktimengatik eta herritarren sufrimenduagatik. 
  4. Lasarte-Oriako Udalak Europar Batasunari eskatzen dio beharrezko laguntza finantziarioa eta humanitarioa eskaintzeko Palestinari, nazioarteko,unitate osoarekin koordinatuta. Larrialdiko erantzun humanitarioan ahaleginak areagotzeko eskatzen du. Israelgo Estatuari gogorarazten dio nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzeko betebeharra. 
  5. Europako Batasunari, Espainiako Estatuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ahalik eta lasterren antolatzeko, eraso militar horrek eragiten dituen errefuxiatuak ahalik eta baldintzarik onenetan hartzeko. Eta agintari eskudunen esku jartzen du iraganbidean dauden pertsona migratzaileentzako bizileku soluzio bat, beharrezkoa bada, Palestinatik iristen diren errefuxiatu horiek hartzeko. Halaber, Palestinako haurrei harrera egiteko guneak eskaintzeko konpromisoa hartu du, harrera duina bermatzeko. 
  6. Lasarte-Oriako Udalak irmo eskatzen dio Israelgo Estatuari, nazioarteko legedia errespetatzeko, armak baztertzeko eta bide diplomatikoetara itzultzeko. 
  7. Lasarte-Oriako Udalak Europako Batasunari eskatzen dio ahalegin handiagoa egin dezala kudeaketa diplomatikoen bidez deseskalatzea bultzatzeko eta bakeari eusteko. 
  8. Lasarte-Oriako Udalak larrialdi humanitariorako diru laguntza bat onartuko du, tokian bertan lanean ari den erakunderen batentzat Palestinara modu seguruan helduko dela bermatu daitekeen unean.
  9. Lasarte-Oriako Udalak konpromisoa hartzen du Israelgo jatorria duten pertsona elkarte edo eragileekin kirol, kultur, edota bestelako izaera duen ekitaldirik ez antolatzeko. 
  10. Lasarte-Oriako Udalak bat egiten du Israelekiko boikot ekonomikorako deialdiarekin eta konpromisoa hartzen du Israelgo jatorria duten produktu edota kontrataziorik ez egiteko. Ez israeldarren zigor modura, Israelgo Estatuak Gazan zein Palestinako beste eremuen aurkako erasoak bertan behera utzi ditzan, okupazioa amaitu dezan, eta errefuxiatu palestinarren itzulera eskubidea berma dezan, presio neurri gisa. 
  11. Europako Batasunari, Nazio Batuen Erakundeari eta bestelako nazioarteko eragileei Israeli laguntza humanitarioaari sarbidea emateko mugak berehala zabal ditzan exijitzeko eskatzen die Lasarte-Oriako Udalak.
  12. Lasarte-Oriako Udalak Palestinako bandera balkoi nagusian jartzeko konpromisoa hartzen du, Palestinako herriarekiko elkartasun keinu gisa. 

Ez du aurrera egin; EH Bilduk eta ELOP alderdiek baino ez baitute alde bozkatu (PSE-EE eta PP aurka gertu dira). 

 

Laugarren puntuan bezala, PSE-EEk eta EAJk mozio alternatibo bat aurkeztu dute, hori ere aurrez landutakoa baino "egokiagoa" dela argudiatuz. Aldeko 12 botorekin (PSE-EE, EAJ, ELOP eta PP) eta aurkako bostekin (EH Bildu), onartuta geratu da.

Pentsionisten eskaera

Arestian esan bezala, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako mozioa landu dute seigarren puntuan. Bertan adierazi duten moduan, osoko bilkurari eskatu taldearen funtsezko aldarrikapen baten aldeko babesa eskatzeko, hau da, pentsiodun guztiek gutxienez 1.080 euroko diru sarrerak izatea bermatzea, hamalau ordainsaritan. Horrela, bi eskaera egin dituzte, hauek:

  1. EAEko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari demandatu, 1.080 eurora arte osatu dezaten pentsiodunen gutxieneko pentsioa, hamalau ordainsaritan, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin. 
  2. EAEko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari jakinaraztea udal honen osoko bilkuran hartutako erabakia. 

Ez du aurrera egin gaiak, aurkako boto gehiago batu baititu, aldekoak baino; hau izan da emaitza: PSE-EE eta EAJ-PNV auka, eta EH Bildu, ELOP eta PP, berriz, alde. 

Azken mozio horri ere alternatiboa aurkeztu diote PSE-EEk eta EAJk. Mozioa irakurtzearekin batera, honako eskaerak zehaztu dituzte:

  1. Pentsioak KPIarekin eguneratzen jarraitzea, pentsiodunen erosteko ahalmena gal ez dadin eta gutxieneko eta kotizazio gabeko pentsioak goraka daitezen, Europako batez bestekora heldu arte.

  2. Genero arrakala deuzestatzeko lanean jarraitzea, kotizazioetako defizitak eta hutsuneak gaindituz, eta pentsioaren azken kalkuluan kondizio horiek zuzentzeko mekanismoak sartzea.
  3. Gizarte Segurantzaren kutxarako urtero erabiltzen den pentsio sistema publikoaren jasangarritasuna bermatzea. +
  4. Toledoko itunean erabakiak hartzen jarraitzea, jarrera politiko, ekonomiko eta sozial ezberdinen arteko topagune naturala baita.

  5. Aurreko helburuak lortzeko elkarrizketa bultzatzea eta aurreko helburuak lortzeko beharrezko adostasunak bilatzea.

  6. Gizarte Segurantzako gure sistema publikoa indartzea, gure bizi beharrak adina edozein dela ere aseta izan ditzagun. 

PSE-EEren eta EAJren aldeko 7 botorekin aurrera egin du gaiak. EH Bilduk (5), ELOPek (1) eta PPk (1) aurka bozkatu dute. 

Galdera eta erreguak

Saioa amaitu aurretik, zenbait galdera egin dituzte bi alderdik; bat ELOPek eta lau, berriz, EH Bilduk. Batzuk izan dira horien bitartez mahaigaineratutako gaiak, besteak beste, herria eremu tentsioatua izendatzearena eta anbulatorioko ordutegi murrizketarena. ELOP alderdiko bozeramaile Miguel Angel Tolosak, berriz, 2022tik hasi eta orain arteko aktak jaso nahi dituela eskatu dio Udal Gobernu Taldeari. 

Udalbatzarra ikusi nahi duenak, honako esteka erabil dezake.