Saskibaloia eskolen topaketa ederra izan zen

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abenduaren 14a

Topaketan parte hartu zuten Saskibaloi eskolako taldeak. Arg.: Ostadar Saskibaloia.

Ostadar Saskibaloi eskolako kideek topaketa izan zuten hilaren 10ean, Maialen Chourraut kiroldegian. Bost kirol elkarteetako taldeak izan ziren Lasarte.Orian lehian. Bestalde, asteburu honetan, Kadete Errendimendu taldeak lehen faseari agur esango dio. Urtarrilean Euskal Ligarako igoera jokatuko du talde urdin-beltzak 

Abenduko zubian Ostadar Saskibaloia ataleko talde gehienek jardunaldirik izan ez duten arren, Saski Eskolako 2014 eta 2015 urteetako kideek topaketa izan zuten Maialen Chourraut kiroldegian, hilaren 10ean.

Aloña Mendi (Oñati), Bergara, Ikasbasket (Hondarribi), Easo (Donostia) eta Ostadar SKTko taldeetako neska-mutil zein talde mistoak bildu ziren kantxan eta ederki lehiatu ziren. Etxekoek Easo 2014 eta 2015 taldeen aurka neurtu zituzten indarrak.

Fase amaiera

Abenduko hirugarren asteburuan, berriz, urteko azken neurketak jokatuko dituzte talde urdin-beltzeko kideek eta Kadete Errendimendu Urrea mailako kideen kasuan, lehen faseari ere amaiera emango diote.

Kadeteak sailkapeneko bosgarren postuan dira eta laugarren den SaskiAxular izango dute aurrez aurre, Maialen Chourraut kiroldegian. Joaneko neurketan 47-41 gailendu ziren donostiarrak; arantzatxoa kendu eta puntuak eskuratu nahi ditu herriko taldeak.

Nahiz eta garaipena ez erdietsi, urtarrilaren 13an Euskal Ligara igotzeko kanporaketa txapelketa jokatuko du Jonatan Reinok zuzentzen duen taldeak; Ostadar dagoeneko sailkatu da. Liga erregularreko lehen sailkatua den ZAST Kuraye ZKE eta lehiaketa horretako garailea Euskal Ligarako jauzia egingo dute.