Gabonetako jarduerak aurkeztu ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 12a, 16:48

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Lasarte-Oriako Udalak ate joka ditugun Eguberrietarako antolatu dituen jardueren berri eman du, prentsaurrean. Hiru sailek aurrera eramango dituzte aipatu egitasmoak: Jaiak departamentuak, Gazteria sailak eta Kultura arloak

Hauek izango dira, sailez sail, iragarri dituzten jarduerak:

Jaiak departamentua

  • Gabonetako Haur Parkea: Jaiak departamentuaren eskutik, Gabonetako haur parkean parte hartzeko aukera izango dute herritar gazteenek hilaren 22tik urtarrilaren 4ra bitarte. Udal ordezkariek ohartarazi dute 14 urtera arteko gazteei zuzendutako jarduera dela, eta horientzat sarrera doakoa den arren, bertaratzen diren helduek euro bat ordaindu beharko dutela sarrera. Gogorarazi dute, gainera, Eventos globales enpresa dela ekimen hori aurrera eramatearen arduraduna, 43.300 euroren truke. 
  • San Tomas azoka: Ohi bezala Ttakun Kultur Elkarteak antolatuko du San Tomas azoka hilaren 21ean, ostegunarekin, 17:00etatik aurrera. Aipatu elkarteak udalarekin duen lankidetza hitzarmen baten bitartez eramaten du aurrera jarduera. 
  • Olentzero eta Maridomingiren etorrera: Hilaren 24an Lasarte-Oriara etorriko dira Mari Domingi eta Olentzero, herritarren artean opariak eta zoriontasuna banatzera. Eurekin batera izango dira, baita ere, Xixuko ahatea eta Porrotx pailazoa eta Mari Teilatuko. Okendo plazan elkartuko dira herriko gaztetxoekin, goizez. 
  • DJ gaua: Urtea dantzan amaitu eta agurtzeko, DJ gaua antolatu dute hilaren 31 gauerako. Andatza plazan izango da eta bi txanda iragarri dituzte. Lehenengo familiei zuzenduta egongo da (19:00etatik 20:30era) eta, bigarrena, berriz, gazteentzako izango da (01:00etatik 04:00etara).  Oihan Vega arduratuko da musika jartzeaz. 
  • Erregeen kabalgata: Meltxor, Gaspar eta Baltasar Lasarte-Orian izango dira urtarrilaren 5ean. Goizean Atsobakar egoitzako egoiliarrak bisitatuko dituzte, eta, bitartean, herriko haurren eskutitzak jasoko dituzte euren postariek, Okendo plazan. Arratsaldean, aldiz, desfilea egingo dute herriko kaleetan barrena. 

Gazteria saila

Maite Iglesias saileko batzordeburuak azaldu du hilaren 22tik eta urtarrilaren 5era Gaztelekuan gazteei zuzendutako hainbat ekimena aurrera eramango direla. Hauek dira ezagutarazi dituztenak:

  • Hilaren 22a: Gabonetako apaingarriekin atonduko dute Gaztelekua.
  • Hilaren 26tik, 30era: Futbolin txapelketa. Bertan parte ahrtu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dutela ohartarazi dute. Hilaren 22tik aurrera egin dezakete hori, Gaztelekuan bertan (16:30etik, 20:30era).
  • Hilaren 26a: Tik Tok aplikaziorako ikus-entzunezkoak grabatuko dituzte.
  • Hilaren 28a: Inozente Eguna denez, inozentadak eta txantxak egingo dituzte. 
  • Hilaren 29a: Alkoholik gabeko koktelak prestatzen ikasteko tailerra aurrera eramango dute. 
  • Hilaren 30a: Urte Zahar gaueko jarduerak.
  • Urtarrilaren 2tik 5era: Pin pon txapelketa. Bertan parte ahrtu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dutela ohartarazi dute. Hilaren 22tik aurrera egin dezakete hori, Gaztelekuan bertan (16:30etik, 20:30era).
  • Urtarrilaren 3 eta 4a: Mahai jolas dibertigarriak. 

Kultura arloa

Eguberrietako lau kontzertu iragarri ditu Kultura sailak:

  • Hilaren 16a: Zero Sette Akordeoi Orkestrak Gabonetako emanaldia eskainiko du. San Pedro elizan izango da, 20:00etan, eta sarrera doakoa izango da. 
  • Hilaren 18a: Udal Musika Eskolaren txanda izango da. Horrek ere garai honetarako prestatzen duen emanaldia eskainiko du. Kultur etxeko auditorioan izango da, 19:00etan hasiko da, eta bertaratzeko sarrera, doakoa.
  • Hilaren 22a: Alboka abesbatzak Emotio taldearekin batera kontzertua emango du. Kasu horretan, Brigitarren komentuan izango da, 19:30ean eta azken hori ere doan. 
  • Hilaren 28a: New Orleans taldeak Gospel kontzertua eskainiko du. Kultur etxeko auditorioan izango da, eta kasu horretan bai, 14 euroko sarrera erosi beharko dute bertaratuko direnek.