Eguberrietan ere ez dute atsedenik hartuko herriko merkatariek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 11a, 19:36

Aterpea merkatarien elkarteak bi ekimen iragarri ditu Gabonen atarian, festa horiek "politak" izateko eta tokiko komertzioetan erostea sustatzeko asmoz: Erosi Lasarte-Orian eta lortu Eguberrietako sorta bat izeneko egitasmoa da bat, eta Gabonetako erakusleihoen lehiaketa bestea, honezkero oso errotuta dagoena. 

Aterpeako kideek elkarteko bazkide den komertzio bat aukeratzen dute prentsaurreko bat egin behar duten aldiro. Uistin kaleko 4. zenbakira deitu dituzte kazetariak gaur, Maiane lurrin denda atarira. Ez dute kasualitatez aukeratu establezimendu hori, izan ere, 40 urte bete ditu aurten. Gaur aurkeztu dituzten egitasmoen berri eman aurretik, denda horren jabeak zoriondu dituzte eta bide beretik segitzea opa egin. Dendariak ez ezik, Agustin Valdivia alkatea ere bertaratu da, jarduerak udalarekin elkarlanean antolatu baitituzte eta baita Eusko Jaurlaritzako Komertzio, Turismo eta Kontsumo sailarekin.

Hilaren 1etik 22ra aurrera eramaten ari dira Erosi Lasarte-Orian eta lortu Eguberrietako sorta bat izeneko kanpaina; 37 establezimendu animatu dira parte hartzera. Sinplea da dinamika: denda horietako bakoitzean erosten duten bezeroek zozketa batean parte hartuko dute, jabe bakoitzak 22an bertan egingo duena. Orduan jakinaraziko dute irabazleak nortzuk izan diren.

Erakusleiho dotoreak

Herriko hamalau komertzioren erakusleihoak ohi baino dotoreagoak daude egunotan. Ez alferrik, izan ere, Eguberrietako eskaparateen lehiaketa da Aterpeak garai honetarako antolatu duen bigarren ekimena. Sarietako bat bezeroek erabakiko dute, parte hartzen ari diren dendetan edota etxeko buzoiean aurkituko duten eskuorria beteta. Antolatzaileek garbi adierazi dute pertsona bakoitzak boto bat emateko eskubidea duela, ez gehiago. Norbaiten izen-abizenekin txartel bat baino gehiago aurkitzen badute, bat izan ezik bota egingo dituzte gainerako guztiak. Erosleen ahalegina saritze aldera, Aterpeako kideek iragarri dute 300 euroko bi erosketa bono zozkatuko dituztela iritzia ematen duten guztien artean.

Bestalde, ohi bezala, epaimahai profesional batek emango du beste saria. Aurtengo kideak hauek izango dira: Biyak Bat adinekoen egoitza, Erketz dantza taldea, Amaia Gonzalez Caballero akademia eta Rural Kutxa bankua. 

Esan bezala, herriko hamalau establezimenduk parte hartu dute lehiaketan: Aritza mertzeria, Ormazabal loradenda, Ventanas Alcar, Naturhouse, Dulce Tentacion, Oihana Estetika, Haune Interiorismo, Lilura liburu denda, Mabel Moda, Imagine jantzi denda, Alba Moda, Loteria Izaguerri, Maiane lurrin denda eta Noaoa Bidaiak. 

Azkenik, Eguberriak girotzen jarraitzeko, aurreratu dute hilaren 30ean txu-txu tren bat jarriko dutela, bertan bidaiatzen dutenek Lasarte-Oria ezagutzeko aukera izan dezaten.