Boluntarioen Nazioarteko Eguna izan zen atzo, hilak 5. Horren harira, lan eskerga hori gure herrian aurrera eramaten duten lasarteoriatar guztiak omendu ditu gaur Parrokietako Misioen taldeak, eta, bereziki, abuztuaren 9an hil zen Ixabel Zuaznabar, eragile horretako kide ohi eta afari solidarioen bultzatzaile sutsua, beste zeregin ugariren artean. Horretarako, Atsobakar parkera joan dira bi dozena pertsona, Gotzon Huegunek egindako eta 2017an inauguratutako monolito aurrean lore eskaintza bat egitera (eskultura horren aurretik beste bat jarri zuten 1997an, baina bandalismo ekintza bat tarteko apurtu eta berritu egin behar izan zuten). Metro batzuk aurrerago Juanjo Mendiluceren omenezko plaka dago, Zuaznabarren senarra izan eta berak ere boluntario lan izugarria egin zuena. Horiek biak izan dituzte bereziki gogoan, eta, batez ere, esan bezala, "aurten utzi gaituen gure Ixabel maitea".
Lore eskaintza eta testua Atsobakarren irakurri aurretik, aipatutako bi lasarteoriatar horien omenezko meza aurrera eraman dute San Pedro parrokian.