Kultur jarduera ugari, urtea agurtzeko

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abenduaren 5a

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Abenduko kultur agenda aurkeztu du Lasarte-Oriako Udalak. Askotariko ekimenak iragarri ditu, eta, horien guztien artean izango dira, besteak beste, San Tomas azoka, Gabonetako Haur Parkea, Kirolaren Gala eta Olentzero eta Maridomingiren etorrera. 

Antzerki obrak, zinema proiekzioak eta bestelako jarduerak ere izango dira urtea amaitu aurretik; kultur jarduera ugaritan parte hartzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek. Adin eta gustu guztiei zuzendutako jarduerak programatu dituzte, denak ala denak, herritarren gozamenerako. 

Egitasmo hauek iragarri dituzte:

Irakurketa

Hilaren 13an, asteazkenarekin, Gurasoak eta haurrak, liburutegian irakurketa kluba izango da. Maria Garcia Loderok gidatuko du saioa, eta 3, 4 eta 5 urteko haurrei zuzendutako saioa izango da. 17:00etan izango da saioa, liburutegian, eta doakoa izango dela iragarri dute antolatzaileek. 

Opera

Egun berean, hau da hilaren 13an, asteazkenarekin, opera zaleek ere hitzordua izango dute, kultur etxean; G. Verdiren Nabuco proiektatuko dute. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta, sarrerek 7,5 eta 9,00 euro artean balio dute. 

Antzerkia

Hilaren 15ean izango da lehen antzerki obra. Golden Apple Quartet taldeak Vamos que nos vamos lana oholtzaratuko du. Kultur etxeko auditorioan erakutsiko dute lana, 20:00etan, eta, sarrerek 6 euro balio dute. 

Hurrengo egunean, hilaren 16an, berriz, familia antzerkiaz gozatu ahalko dute lasarteoriatarrek. Anita Maravillas-ek Andereño obra erakutsiko dute. 17:00etan hasiko da, eta sarrerek 4 euro balio dute. 

Zinema

Hilaren 16an zinema saio bat ere izango da Okendo Zinema Taldearen eskutik. Una vida no tan simple ikusteko aukera izango dute zinemazale lasarteoriatarrek. 20:00etan izango da hitzordua, eta sarrerek 6 euro balio dute. 

Egun bat geroago, hilaren 17an, haurrentzako zein helduentzako zinema saio bana iragarri ditu udalak. Gaztetxoek Trolls 3: Todos juntos filma ikusteko aukera izango dute. 17:00etan hasiko da, eta sarrerek 4 euro balio dute. Helduentzat, aldiz, La ermita filma proiektatuko dute. 19:30ean hasiko da hori, eta sarrerak 6 euroren truke eskura daitezke. 

Okendo Zinema Taldeak bigarren emanaldi bat egingo du hilaren 29an; El chico y la garza proiektatuko dute. Auditorioan izango da, ohi bezala, eta ordutegia ere ohikoa: 20:00etan. Sarrerak 6 euroren truke eros daitezke. 

Musika

Zero Sette Akordeoi Taldeak Gabonetako musika emanaldia eskainiko du hilaren 16an. San Pedro elizan izango da kontzertua, 20:00etan hasita. 

Udal Musika Eskolak ere, ohi bezala, Eguberritako kontzertua eskainiko du hilaren 18an. Kultur etxeko auditorioan izango da hitzordua, 19:00etan. 

Hilaren 22an, berriz, Alboka abesbatzaren txanda izango da; Gabonetako kontzertua eskainiko du. Brigitarren komentuan izango da, 19:30ean. 

Hurrengo egunean, hilaren 23an, izango da beste musika emanaldi bat. Jon Maia-ren Kantu bat gara emanaldiak hartuko du kultur etxeko auditorioa. 20:00etan izango da, eta, sarrerak 14 euroren truke eskura daitezke. 

Gospel emanaldi bat ere izango da urtea amaitu aurretik. Hilaren 28an izango da hitzordua, 20:00etan. Bertaratu nahi dutenek 14 euroko sarrera erosi beharko dute. 

Eta urtea dantzan amaitu eta agurtzeko, DJ gaua antolatu du udalak hilaren 31 gauerako. Andatza plazan izango da gazteei zuzendutako ekimen hori, eta Oihan Vega arduratuko da musika jartzeaz. 19:00etan hasiko da eta 20:30ean amaituko. Gero, Urte Zahar Eguneko afariaren ostean itzuliko da berriz ere, 01:00etik 04:00etara. 

Ospakizuna

Gabonen atarian, eta Ttakun Kultur Elkartearen eskutik, San Tomas Eguna ospatuko dute herritarrek. Hilaren 21ean izango da hori, eta bertsolariak, trikitilariak, talogileak, haurrentzako tailerrak eta erromeria iragarri dituzte egun horretarako. Arratsaldez izango da ospakizuna, 17:00etatik 20:00etara, Okendo plazan. 

Eguberritako Haur Parkea

Urteroko haurrentzako parkeak ere ez du hutsik egingo aurten. Hilaren 21ean zabalduko ditu ateak, eta urtarrilaren 4ra arte izango dute etxeko txikiek bertan jolastu eta ongi pasatzeko aukera. Michelin kirolgunean izango da, honako ordutegian: goizez, 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, berriz, 17:00etatik 20:00etara. Hilaren 24an, 31n eta urtarrilaren 5ean, aldiz, goizez baino ez dute zabalduko. 

Gala

Kirol galak hartuko du kultur etxeko auditorioa hilaren 22an. 19:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango den arren, bertaratzeko gonbidapenak eskuratzea ezinbestekoa dela ohartarazi dute antolatzaileek. 

Olentzero eta Maridomingiren etorrera

Ikazkina eta Maridomingi aurten ere etorriko dira lasarteoriatarrak agurtzera hilaren 24an; Ttakun Kultur Elkartea arduratzen da egitasmo hori antolatzeaz. Okendo plazan izango dela iragarri dute, baina ez bestelako informazio gehiagorik, momentuz.