Patinatzaile, korrikalari edo ipar martxalari 2023 urteari amaiera osasuntsua emateko aukera paregabea dago hilaren 31n, Lasarte-Oriako San Silvestre lasterketa.
Igandea izanik, proba eguerdian burutuko da. 12:30ean emango da irteera Okendo plazan eta patinatzaile eta korrikalariek 6 kilometroko ibilbidea egingo dute; ipar martxalariek, aldiz, 4,3 kilometrokoa. Aurretik, beroketa musikatua izango dute probako parte-hartzaileek.
Izena ematea ireki da dagoeneko eta lasterketako webgunean egin daiteke abenduaren 28ra arte, 7 eurotan. Abenduaren 29an, 30an eta probako egunean bertan Antonio Mercero gunean izango da inskribatzeko aukera, baina lehen bi egunetan 10 euro ordaindu beharko dituzte izena ematen dutenek eta azkenekoan, 15 euro.
Opari ugari zozketatuko dira izena ematen duten partaideen artean eta mozorro onenek saria izango dute.
Informazio gehiago eskuragarri lasterketako webgunean.
Egitaraua lehen ordutik
Baina ez da guztia kirola izango, proba hasi baino lehen, giroa sortzen joateko ekimenak izango dira.
11:30ean, elkartasun pintxo-potea izango da. Jasotako dirua Yeray Rodriguez, Lasarte-Oriako bizilagunari emango diogu, bere hazkuntza hormonaren tratamendua ordaintzeko.
Bitartean, LOZETen eskutik, buruhandi eta erraldoiak izango dira plazan.
Eguerdian, Porrotxen laguntzaz haurrei zuzendutako kanpaikada bereziak izango dira.