Mailu Arrutik etxean sentiarazi nahi izan ditu bertsolariak. Horregatik, eszenariora irten ahala, oinetakoak eranzteko eskatu, eta etxeko zapatila pare bana eman die, erosoago senti zitezen. Eserita zeudenek ez dute halakorik egin, baina ziur hala egon direla, ekitaldiak iraun duen ia hiruetan inor ez baita lekutik mugitu, ez bada denen aurrean jartzeko izan, behintzat.
Agurreko bertsoan Andoni Egañak lagun gisa gogoratu du Imanol Lizardi. Ane Labakak, berriz, Txema Vallesek hala eskatuta, omenduak bertso saioen kronikak idatzi ohi zituela, eta berari buruz, “Lujanbioren pare” hitz egiten zuela. “Merezi duzu gaurkoa, luzaro egingo da hitz. Idatziko al diguzu, kronika bat azken aldiz?". Tamalez, ezingo du; baina bere ordez saiatu da TXINTXARRI. Lasarteoriatarra ez den batek idatzi du, Lizardi ezagutu ez zuen norbaitek, eta bi hitzetan laburbildu beharko balu (eta askoz gehiago ditu testu honek) "biziki hunkigarria" litzateke. Nabari da herrian eta bereziki herriko euskalgintzan utzitako arrasto sakona, akaso, ez askoren bihotzean utzi duena bezainbestekoa.
Horietako hogei batek hartu dute hitza bera gogoratu eta bizitako guztiaren pasadizoren bat kontatzeko, ahal zela umoretik, zirrarari eusten ere laguntzeko. Aurkezleak kontatu du lehena, edo hobe esan, kantatu. Haurtzaroan eskolako haurrek Manuel Lekuonak Jesusen jaiotzari buruz idatzitako koplak komentuan antzezten zituztela gogoratu du eta haietako bat moldatu du zetorrena azaldu eta lagunari eskaintzeko: “Imanolen bizitza kontatuko dugu”. Eta hala izan da. Munduan barrena dabilen Mikel Zinkunegi lagunak audio batean bildu 1960ko Lasarte-Oria euskalduna nolako zen eta beraiek nola bizi izan zuten euskalduntasuna. Beste batzuen artean, Santa Anako parodia ia erabat gaztelaniaz zela aipatu du, Basajaunen bi esaldiak kenduta, alegia, Lizardiren biak. Elkarrekin igarotako beste zenbait pasarte ere azaldu ditu eta horiei helduta bertsotan aritu dira Labaka eta Egaña.
Etxetik, kalera
Lizardi hil berritan, Iñaki Arrutik idatzi eta TXINTXARRIk argitaratutako gutunaren pasarte bat irakurri du aurkezleak. Besteak beste, seme-alaberi etxean euskaraz eginazari zielako, lagunaren ama Itziar eskertu zuen. Labaka ama izan berriak horrek iradoki dionaz abestu du. “Iraultza asko sukaldeetan eman dira”, nabarmendu du eta haren meritua goraipatu: “Nahiz eta ez izan jakitun, besteen ustez, aditu/argi eduki zuen bere etxean nola aritu”, eta eskerrak emanez biribildu du bertsoa.
Omenduak ezetz esateko erraztasunik ez zuela ondoriozta daiteke saiotik. Edo hobe esanda, beti baietz esateko eskuzabaltasuna zuela, behin eta berriz errepikatu den ezaugarria. Horietako bat Rosa Ormazabal, gau eskolan ikasle izan zuena. "Imanol eta euskara batera doaz" hasi da maisuari buruz, baina emozioak gain hartu eta ezin izan du jarraitu. Arrutik besarkatu du, eta 1979an berari eta bi laguni bururatutako "ausardia galanta" partekatu du: EGA prestatzea. Garai hartan, udaletxeko beheko solairuan zegoen Guardia Zibilen bulegoan aurrera zeramatzaten eskolak eta sargentoaren aulkian esertzen zen Lizardi. Irakasle eta ikaslearen azalean jarri ditu bertsolariak, Rosari, Labakari, nahi duena galdetzeko esanez. Eta zailak izan badira ere zenbait galdera, maisuki atera da Egaña.
Bitxikeriak partekatu ditu ere Agus Mujikak. Bentrilokia saioa egin du irakasle izateko prestaketa egiten ari zela Lizardik kontatutakoak gogoratuz, eta umorez, hezkuntza "iraultza" izango den maleta baten berri eman du.
Bueltatzeko asmoz, Ana Eizmendi emaztea eta semeekin Alkizara bizitzera joan zen Lizardi 1990eko hamarkadan. Joan-etorri ugari egin arren, ez ziren itzuli, eta jaioterrian moduan, han ere "saltsa guztien perrexila" izan zen. Horregatik, lankide eta lagunek ez dute hutsik egin nahi izan gaurkoan. Agurne Eizagirre eta Iñaki Irazabalbeitia izan dira lehenak. Eizagirre elkarrekin partekatutakoaz aritu da, denek estimatzen zutela zehaztuz, izan ere, "gizon on bat, bihotz handi batekin, samurtasun handiarekin", eta barnetegian igogailuaren obra egiten ari direla esanez amaitu du. Zerura ez da iritsiko igogailua, baina mezua jasoko zuen. Irazabalbeitiak, berriz, bideotxo bat aurkeztu du, Lizardik parte hartu zuen dozenaka ekimenetan hartutako irudiekin egina. Alkizako barnetegiko lankide talde batek ere parte hartu du. Denen izenean Iñaki Artola aritu da: "Hitz bakarrean lankide maitagarria zen", baina hitz gehiago ere badituela gehitu du: hitzekoa, atsegina, lagunkoia, ameslari-errealista. Zirrara gero eta nabariagoa zen bere ahots eta aurpegian. Lankide baino gehiago izan zen eta "Imanol pertsonak" ekarri ditu hona. "Handia hintzen, Imanol", amaitu du. Gabi de la Mazak prestatutako bi bideo ikusi ondoren, Iñaki Itureñek idatzitako bi bertsoren hitzak agertu dira pantailan. Lankideek eszenariotik eta gainerakoek beren lekutik abestu dituzte.
Alkizako ikazkina
Hamaika taldetan ibili zen Lizardi Lasarte-Orian, Ttakun Kultur Elkartearen sorreran, kasu. Udalean euskara batzordea eratzeko ere eskatzen lehena izan zen. Horiei buruzkoak, Peio Sasiainek eta Mari Karmen Ormazabalek argitu zituzten, baita omenduaren zerbait nabarmendu ere. Lehenak, zubigile izateaz gain, beti pentsarazten zuten ideiak zituela azpimarratu du. "Bazuen gauza bat ez zela bakarrik euskaraz egitea, baizik eta euskaratik ere. Ez da berdina mundutik euskara ikustea edo euskaratik mundua ikustea. Ezta baten etxeko leihotik auzoa ikustea edo mundutik ikustea. Etxetik ikusten denean, hotza sartzen den zirrikituak argi ikusten dira". Eskuzabaltasuna azpimarratu du, berriz, Ormazabalek, baita ekimenak aurrera eramateko zuen prestutasunean. "Egin behar da, egingo dugu nolabait eta ahal den lekuan". Haiek entzun ondoren, bertsolarien txanda izan da, berriro.
Kondairak dio Olentzero ikazkina zela eta menditik etortzen zela, Lasarte-Oriara 30 urte baino gehiagoz etorri zena Alkizatik zetorren. "Ez dakit Euskal Herrian beste inon Olentzerok eta pailazoek elkarrekin traturik baduten, baina Lasarte-Orian, bai", botata aurkeztu du Arrutik Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bideoa. Oroitu egin dute elkarrekin igarotako hamarkadak, jardunean eta bazkarian. "Bihotzean daramagu Imanolen zatitxo bana", "Sentitu, pentsatu, ekin", "Beti, Imanolekin", hirukoteak. Pertsonaia mitologiko horren muxuak eta mezuak jaso zituen haurretako bat Lierni Rekondo izan zen. Bertsoak jarri dizkio, Tomas Lizardi Eizmendi eta Aitor Atsega Zubikarai musikariek lagunduta abestu ditu. Aurrera egin ahala, dardara nagusitu zaio hitzak zituen papera eusten zuen eskuan eta zirrara nabari zitzaion. "Ahots sendoz egiten zuen diosala, beti horren goxoa hain eskuzabala, besarkada bat izan daitekeen bezala sekretuen gordailu zen bere magala". Eta bere lana belaunaldi berriek babestuko dutela esan dio sarea ehuntzeko hari izan zenari. "Hitz eta doinu artean topatuko gara".
Bertsolari gazteen txapelketa
Geroxeago bueltatu da Rekondo mikro aurrera, Earra! bertso eskolaren gaur egungo martxaz hitz egitera. Baina horren aurretik, aurretik bertatik pasatu ziren batzuen txanda izan da. Gabiriko Osinalde sariketa irabazi zuen Pablo Suberbiola eta bertso onenaren saria ekarri zuen Andoni Otamendi izan dira lehenak, baina beste batzuk ere erakutsi dute beraien trebezia. Edo trebezia falta nahita agerian uzten, Iñaki Petxarroman, kasu. Zigor Iriondo eta Unai Muñoarekin batera aritu da, baina ez justu bertsotan. Huts egiteak izan dituzte hizpide baita Lizardik haien ondorengoa baretzeko zuen gaitasunaz ere. Muñoaren esanetan, “5 minutuan lortzen zuen egoa berkolokatzea eta autostima zauritxo horiek sendatzea. Esaten dute coachak amerikanoek asmatu zituztela, gurera figura hori Imanolek ekarri zuen”. Saiatu ziren bertso bat osorik botatzen hiruek elkarrekin, baina ez zuten lortu. "Imanol, hagoen lekuan hagola, txapelketarik baldin bazeok, gure izenik ez ezak eman", ohartarazi zion Muñoak.
Gaurko bertsolari ofizialek lotura dute, nola ez, bertso eskolarekin, beraz, ezin zuten horri bertsorik ez jarri. Bertan aritu zenean izan zuen taldeaz bertsotan aritzea tokatu zaio Egañari, kideei buruz liburu batean jaso zuena entzun ondoren. Labakari, aldiz, gazteagoa zela egindako adierazpen batzuk jarri dizkiote, Lizardi gogoratzen zuen haietan. Bertsotan kontatu du aitaren lagunak pirateatutako kaseteetan zeuden bertsoak buruz ikasi arte behin eta berriro entzuten zituztela gurasoen furgonetan.
Eta hala, gaur egunera iritsi dira. 10-18 urte arteko hamabost gaztetxo dabiltza bertan "hitzekin jolasten" eta "euskaratik eta euskaraz gozatzen". Haietako batzuk atera dira eta kantuz oroitu dute omendua, "nahiko zenukeen moduan".
Esker ona atzera begira adierazi diote partaide guztiek, baina Lizardik berak egingo lukeen gisan, etorkizunera begira ere jarri dira. Hala, Earra! eta Ttakun KEren proposamenez, Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean, Imanol Lizardi izena izango duen bertsolari gazteen sariketa bat sortuko dute. Jon Antxordokik eta Joxe Kruz Labakak eman dituzte zehaztapenak. Udal ordezkariak aitortu du "ideia zoragarria" iruditu zitzaiela, "bai Imanol Lizardiren izena gogoratzeko eta etorkizunean denek jakiteko berak egin zituen lanak eta nola egin zituen. Herri guztietan dozena erdi bat Imanol Lizardi izango balira, hobe ibiliko ginen". Falta diren kontu batzuk finduta, asmoa datorren urtean abiatzea da.
Azken puntuak
Orain arte malkoei eutsi dietenek ahaleginean beste koska bat igo behar izan dute Eizmendi, Imanolen alarguna, agertokira igo denean. Arruti besarkatu ondoren, honakoa esan du: "hemendik ez dut alde egin nahi zuen kariño guzti honi erantzun gabe. Niretzako oso-oso hunkigarria izan da eta gure familiaren izenean eta nire izenean, mila-mila esker eman nahi dizkizuet. Nire bihotzaren zatitxo bat izango zarete hemendik aurrera, egun hau betirako gordeko dut, eta bidean elkartuko gara berriro". Txalo egiteaz ez dira nekatu ikus-entzuleak saioa hasi denetik, baina berezia izan da eman diotena.
Agurren txandan, hasierara bueltatu dira Egaña eta Labaka. Etxeko zapatilen ondorioz, "behatzak hotz-samar eta bihotza bero" doala onartu du lehenak. Bigarrena, ordea, kronikara bueltatu da. "Gaur tristura alai bat degulako tripan, maite zaitugula jar ezazu kronikan". Hor dago, bada.
Eta amaitzeko, zale zen beste Imanol baten –Larzabal– Koplak kanta abestu diote denek.