J-dun jendearen jaialdia

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 2a, 20:15

Jostariak, jakintsuak, jatunak, jatorrak, jeniodunak... J  hizkidun pertsonen eguna ospatzera deitu zituen herritarrak Jalgune elkarteak emanaldia aurkeztu zuenean. Eta horietako askok bat egin dute larunbat arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean. Jaizaleak badira, bat bera ere ez dute gogaitu. 

Euskararen Eguna izateaz gain, abenduaren 3a, Aniztasun Funtzionalaren Eguna ere bada; eta haren bezperan ospatu du Jalgunek bere urteroko jaialdia. Jotaz beterikoa izan da, nahiz eta justu estilo horretara ez diren animatu dantza gogotik egin duten kideek. Hizki horren itxura zuten puxikek apaindu dute eszenarioa eta harekin hasten diren adjektiboek leku berezia izan dute saioan. Aurkezpena egin duten bi lagunek maisuki laburbildu dute: "Jotadun herria gara, herri jatorra", edo aurretik kideak gazteleraz zehatzago  esandakoa ere:  Zalaparta eta parranda zalea –"jaleo" eta "jarana", jatorrizkoan–.

Hitzak alde batera utzita, jardunean erakutsi dute zer diren. Semblante Andaluzeko lagunekin bost bikote osatuta, Semblante Rocieroko kideek abestutako sevillanak dantzatu dituzte ordu laurdenez. Ondoren, Jota Telebistaren lehen emisioa iritsi da. Martes y Trece umoregileen enpanadillaren esketx ezaguna bikoiztu dute, Jalguneren jaialdiari buruz galdetzeko udaletxera egindako deia bilakatuta. Originala bezain surrealista izan da emaitza eta algara ozenak entzun dira. Ondoren, Tim Burtonen filmeen iruditeria ekarri dute oholtzara. Beetlejuice, Charlie, Alicia, Eduardo... denak identifikagarriak mozorro eta makillajeari dagokionean, filmeetan ez baitzuten hauek baduten dantzarako trebezia erakusten.

Jarraitu aurretik, hamar minutuko atsedenaldia egin dute. Eta ondo etorriko zitzaien, saioa amaitu arteko 45 minutuetan oraindik ere emateko asko baitzuten. Kantuan hasi dute bigarren zati hori, horretan ere ondo moldatzen direla erakutsita. Aspaldiko kantak eta berriak, denak ezagun zaizkie. Pausoak ere. LOKEko ginmasiako neskak igo dira orduan eszenariora eta elkarrekin dantzatu dute Bulegoren Kanta bat.  

'Jotero' izatea, betekizun

Jendez bete den gunea hustu, eta berriro agertu da duela ez horrenbeste arte emisioak egokitzeko agertu ohi zen doitze mapa. Hau da, Jota Telebistaren emisio berri baten txanda zela. Oraingoan, hiru izan dira, jaialdia ikusten ari den familiarena, aurreiritziak gainditzeko aproposa den Jalguneko txokolatea, eta elkartean begirale izateko elkarrizketa. Prestaketa zabala izangatik, betekizun garrantzitsuago bat falta zuen hautagaiak: CCDa –Certificado de Cuerpo Jotero–.

Beraiek badutela eta zergatik den beharrezko erakusteko, dantzara atera dira berriro. Beste gonbidatu batzuekin aritu dira, tartean, EH Bilduko Esti Garmendia eta Asier Gorostegi. Musika ia eten gabe,  j-dun hitzak esanez hainbat herritarren bideo laburrak proiektatu dituzte. Bukatzean, morez jantzi, eta dantza saio berri baten txanda heldu da. 

Azken txanpan sartuta, Jalgunek aurrera daramatzan ekimenen irudi segidarekin urteari errepasoa egin diote. Eta hasi bezala amaitzeko, amaierako dantzak egin dituzte. Jaialdikoak, behintzat. Zutik eta txalo artean agurtu dituzte bertaratutakoak.