Zubietan jaioa da Maria Dolores Aliri Añorga, eta, kontatu duenez, denbora asko eman zuen bidaiatzen; Kanariar Uharteetan, Bilbon, Gijonen, Salamancan, eta beste hainbat lekutan bizitu zen, eta duela 40 bat urte itzuli eta Lasarte-Orian, bertan finkatu zen arte. Martxoaz geroztik Villabonako Santiago egoitzan bizi da, baina "herrira itzultzeko gogoa" duela aitortu du. Leku horietatik guztietatik gustukoena zein duen galdetuta, honakoa esan du: "Gustura bazaude leku guztiak gustatzen zaizkizu; gustura ez bazaude, ordea, ez zaizu bat bera ere gustatzen".
Senitartekoak eta bizi den egoitzako langileak ondoan, Agustín Valdivia alkatearen eta Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren bisita jaso du, baina ez hori bakarrik; lore sorta bat ere oparitu diote udal ordezkariek.
"Jan eta lan egin"
Azaldu du baita ere 100 urte hauetan "jan besterik ez" duela egin. Horrekin batera "ohiko gauzak" ere egin dituela kontatu du, eta noski, lana ere bai, baina "gehiegi nekatu gabe". Pozik jarraitzen du urteak betetzen, eta atsegin du "paseoan atera eta jostea".