Gaztainzulo kaleko pasabidea argiztatzeko eskatu dute bizilagunek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 1a, 07:44

Bizilagunek telefono mugikorren linternak erabili behar izaten dituzte gauetan argi pixka bat izateko. Argazkia: Gaztainzuloko bizilagunak.

Gaztainzulo kaleko bizilagunak urduritzen hasten dira arratsaldeko bost eta erdiek jotzen dutenean, euren etxeen atzealdeko pasabideetan ez dutelako argi izpi bakar bat ere egunak iluntzen duenean. Hiru urte baino gehiago daramatzate egoera horretan, eta, Lasarte-Oriako Udalaren atea behin baino gehiagotan jo badute ere, oraingoz behintzat ez du herritar horien arazoa konpondu. Egoeragatik kezkatu eta nazkatuta, TXINTXARRI aldizkariarengana jo dute, egunero bizitzen dutena zer den azaltzeko.

Argitasun faltak, besteak beste, lapurrak erakar ditzakeela azpimarratu dute. Horren adibide, bizilagunetako batek duela bi aste jasan behar izan zuena, bere bajoan sartu baitziren pertsona batzuk, ostera. Momentuz horrelako besterik ez dute pairatu, baina pasabideek erabat ilun segitzen duten artean horrelako gertakari gehiago pasa daitezkeela uste dute. Horrez gain, egunero-egunero egiten dituzten gauza arruntak sufrikario dira eurentzat, hala nola, txakurrak paseatzea edota etxera igarobide horretatik bueltatzea. "Sakelako telefonoen linternak piztu behar izaten ditugu argitasun pixka bat izateko, baina ez da nahikoa. Bizilagunok tarte txar bat pasatzen dugu, batez ere, emakumeok", azpimarratu dute. Faroletako batzuk bonbilarik ere ez dute sikiera.

Gaztainzulo kalerantz doan pasabidetik egunez ala gauez igaro, ez du zerikusirik, artikulu honetako bi argazkiek erakusten duten moduan. "Kontuan izan ilunpetakoak sakelako telefonoarekin atera ditugula eta gailu horien kamerek gaitasuna dutela berez dagoena baino argi gehiago jasotzeko. Pentsa zer ikusi dezakezun zure begiekin; ezertxo ere ez".

Egoera "arriskutsu" horren aurrean, udalarengana "behin eta berriro" jo dute konponbide eske, baina eremu horrek argiztatu gabe jarraitzen du. Dei ugari egin dituzte, eta, bizi dutenaren konstantzia gera dadin, beste hainbeste kexa jarri. Gaztainzulo argiztatzeko eskatzen jarraituko dutela garbi adierazi dute.

Otsailerako, beranduenez

Udalarekin harremanetan jarri da TXINTXARRI eta Zerbitzu Publikoetako batzordeburu David Mateosek erantzun ditu aldizkariaren galderak. Kale horretako atzealdean falta diren faroletan argia jartzeko proiektu bat martxan dagoela jakinarazi du. "Abenduan ez bada, 2024 hasierako bi hilabeteetan gauzatuko da; argia izango dute". Aurreko lizitazioa egin zutenean "arazoak" izan zituztela esan du, irabazi zuen enpresak ez zuelako dokumentazioa aurkeztu ere egin. "Herriko zenbait puntu beltz ezabatzeko pakete baten barruan doa Gaztainzuloko argiteriarena; administrazioaren urratsak errespetatu behar dira plegu eta lizitazioak egin behar direlako". 

Gaztainzulo kaleko bizilagunen kexak jaso dituela onartzearekin batera nabarmendu du "pertsonalki" erantzun dituela, "idatziz edota telefonoz izan direnean, telefonoz".