GREBA FEMINISTA OROKORRA

Trafiko mozketa eta kale bira izan dira goizeko ekintzak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 30a, 13:07

Euskal Herriko mugimendu feministak deituta greba orokorra aurrera eramaten ari dira herriz herri, baita Lasarte-Orian ere, zaintzaren afera erdigunean jarri eta "sistema publiko komunitario bat" behar dela aldarrikatzeko. Gure herrian eratu duten batzordeak ekintza ugari iragarri ditu gaurko eta hasi da horiek egiten: hamar minutuz Tajamar biribilguneko sarbide guztiak moztu dituzte. Ostean, herriko zaintzaren egoera zein den ezagutarazi dute, kale bira bat eginda.

Greba egunari ekiteko "ekintza ikusgarri bat" aurrera eramango zutela iragarri zuten batzordeko kideek, eta hala izan da: 08:30ean Tajamar biribilguneko sarbide guztiak moztu dituzte hamar minutuz, ohikoa izan behar ez lukeen lanegun baten erritmoa erabat geraraziz. Oro har ez dute arazorik izan, pare bat autorekin salbu: ekimena aurrera eraman izana aurpegiratzearekin nahikoa ez, eta semaforoetan jarritako zintak apurtu eta kotxeak martxan jarri dituzte, ekintzaileak arriskuan jarrita. Edonola ere, inor ez da zauritua izan eta tinko eutsi diote denek aldarrikapen jarduerari.

Ordubete geroago ekin diote herriko zaintzaren egoera ikusarazteko kale birari, Zaintza sistema publikoa orain! lelodun pankartaren atzean. Maialen Chourraut kiroldegira joan dira aurrena, osasuna zaintzea eta bizitza aktiboa izatea zeinen garrantzitsua den adierazteko. Handik metro batzuetara egin dute bigarren geldialdia, osasun zentroan, salatzeko "ahultzen" ari direla sistema publikoa, eta, aldi berean, "sare pribatua gizentzen". Udalaren jarduna ere kritikatu dute, bereak diren eraikinak garbitzen dituztenei ahotsa emanda. Behargin horiek urteak daramatzate euren baldintzak hobetzeko borrokan, baina erakundeak ez ditu haien eskaerak aintzat hartu oraindik.

Udaletxetik, Oriarte Landaberri ikastetxera. "Hezkuntzako langileek argi esan digute gune aproposak direla ikastetxeak zaintza eremu emantzipatzaile eta aitzindariak sortzeko". Ostean, Matia fundazioak herrian duen egoitzara joan dira, eta herrikoak diren bi langile kale biran parte hartu dutenak agurtzera atera dira; une hunkigarria izan da.

Bira ez da hor amaitu eta Michelin Lasarte lantegi atarira joan dira. Bertan zain zituzten zenbait langile, LAB sindikatuko kide ere badirenak. Zaintzarako kontziliazio neurri gehiago eskatu eta gizonek ere ardura hartu behar dutela aldarrikatu dute. 

Hurrengo geltokia non, eta Geltoki kalean, ADI Etxeko Laguntza Zerbitzuak-en egoitza parean. Zaintzarekin negoziorik ez egiteko eskatu dute biran parte hartu dutenek. Azken bi geldialdiak Atsobakar egoitzan eta Mirentxun egin dituzte; langileei elkartasuna adierazi eta udalari berdintasun teknikari bat kontratatzeko eskatu diote, hurrenez hurren.

 

Erlazionatuak