Lasarte-Oriako kirolariak errepide zein pistako probetan lehiatu dira

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 29a, 13:14

Sergio Ramirez (315 dortsalarekin), Lasarte-Oria Bai! krosean parte hartzen.

Lasarte-Oriako kirolariak zein herriko elkarteetako ordezkariak errepidean eta pistan lehiatu dira. Luzeera ezberdinetako lasterketetan parte hartu dute, baita jaurtiketa eta jauzi probetan ere

Hilaren 26an, 5.690 korrikalari bildu ziren Donostia. Zurich Donostia Maratoia, maratoi erdia eta 10 kilometroko probak lehiatu zituzten kirolariek eta lasarteoriatarrak edo herriko taldeetako ordezkariak proba ezberdinetan parte hartu zuten.

Proba nagusian, Ostadar SKTko Sergio Ramirez izan zen herritarren artean azkarrena. Ramirezek bere marka ondu zuen helmugan 02.33.00 eginez. Eguneko proba motzean, aldiz, Zumeatarra taldeko Aimar Sukunza izan zen lasarteoriatarren artean lehena; 10 kilometroak 34.04an egin zituen.

Egun bat lehenago, Azkoitiko Raka herri lasterketan ere izan zen herritarrik, Erik Serrano. 43.28 behar izan zituen probako 10 kilometroak egiteko.

Lehen postuetan

Errepidetik pistara eginez, Ostadar SKTko atletek jaurtiketa eta jauzi proba libreak izan zituzten azaroaren 23an, Eibarren. Pausoz pauso txapelketa garrantzitsuetan parte hartzeko baliagarri izango diren markak eskuratzen ari dira herriko kirolariak.

Hodei Garciak lehen postuan amaitu zuen xabalina jaurtiketa saioa. 700 gramoko tresnarekin 45,07 metroko marka eskuratu zuen gazteak.

Unax Riezu eta June Garcia, aldiz, luzera jauzi proban lehiatu ziren. Riezuk 5,90 metroetara egin zuen jauzi eta probako lehen izan zen. June Garcia, aldiz, laugarren izan zen 4,57 metroko markarekin.