Ostadarreko taldeen arteko lehen derbi ofiziala zen; neurketa berezia, beraz, bi taldeentzat. Euren onena emateko prest zeuden jokalariak. Hala ere, jubenileko kideek bazekiten ez zela neurketa erraza izango.
Hasieratik nagusi izan ziren Cristiana Hardmanek zuzentzen dituen seniorrak; erasoan eta baloiak hartzean sendo ibili ziren. Jubenilak erantzuten saiatu arren, ez zuten jokoan sartzerik izan eta lehen bi setak 25-14 eskuratu zituzten zaharrenek.
Enara Hernandez eta Ekaitz Fernandez entrenatzaileen zuzenketak entzun eta indarberrituta atera ziren jubenilak hirugarren setean. Ondorioz, tantoak eskuratzeko ederki borrokatu behar izan ziren bi taldeak. Baina jubenilek aldea irekitzea lortu zuten eta 19-25 eskuratu zuten jokoa.
Seniorrek ez zuten amore emango eta erantzuna laugarren seta hasi bezain pronto etorri zen; sake indartsuei esker, 10-0 jarri zuen markagailuan.
Jubenilek orduan atseden denbora eskatu zuten eta prestatzaileen moldaketak entzun ostean, neurketa berdintzea lortu zuten.
Jarraian borroka handia izan zen puntuak eskuratzeko eta txandakatuz puntuak lortu zituzten bi taldeek. Baina 22na zeudenean seniorrek berdintasuna hautsi eta partida irabazteko hiru tanto eskuratu zituzten.
Bi taldeak pozarren daude neurketarekin. Garaipenari esker, seniorrak lehen postuaren borrokan jarraitzen dute. Jubenilek, berriz, neurketan egindako lana nabarmentzen dute, "zaila zen aurkariari beldurra sartu genion".