Ahoak zabaldu eta begiak ireki dizkie

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 28a, 19:57

"Sistema batean bizi gara, eta heteropatriarkala da". Esaldi kategoriko horri ekin dio Magma mia bakarrizketa ikuskizunari Bea Egizabal clownak, eta ondoren zehaztu zazpi hitz horiek esan nahi duten guztia, ateraldi umoretsu ugari bota bitartean ikus-entzuleek gogoeta egitea eraginda. Ahoa behin baino gehiagotan zabaldu die umoristak parean zituenei, etengabe barre eragin dielako, eta baita begiak ireki ere, emanaldian zehar taula gainera ekarri dituen kontzeptuen gainean hausnarrarazita.

Egizabalena izan da udalak Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira aurten antolatutako azken ikuskizuna. Edonola ere, gogorarazi du abenduaren 1era arte zabalik dagoela Ni naiz naizena erakusketa, hamar pertsona transen bizipenekin ondutakoa. Kultur etxeko 1. solairuan dago eta hau da ordutegia: 09:30etik 13:00etara goizetan eta 16:00etatik 20:30era arratsaldeetan.